Gaur banatu dituzte IV. Tokikom Sariak

Baleike 2019ko aza. 15a, 19:22

Beste urte batez, azalik onena, edukirik onena eta, ikus-entzunezko onena saritu dituzte IV. Tokikom Sarietan. Finaleko hautagaien artean izan da eskualdeko Uztarria Komunikazio Taldearen erreportajea.

Gaur banatu ditu Tokikom toki komunikabideen bateraguneak IV. Tokikom Sariak, eta sari horietarako hautagaien artean izan da eskualdeko Uztarria Komunikazio Taldea. 2019ko otsaileko zenbakian kaleratutako Heriotza parez pare erreportajea izan da eduki onenaren saria lortzeko finalistetako bat, baina Azpeitiko komunikazio taldeak ezin izan du saria etxera eraman. Death Cafe saioetan oinarrituta, Ihintza Elustondo eta Julene Frantzesena Uztarriako kazetariek egindako lana da Honako lotura honetan irakur daiteke Heriotza parez pare lana.

Guztira hiru sari banatu dituzte gaurko hautagaien artean. Azal onenaren saria Puntua aldizkariko Antropozenoa lanak irabazi du. Epaimahaiak, "irudi sinplea" eta "diseinu arriskatua eta modernoa" baloratu ditu, besteak beste. Ikus-entzunezko onena berriz, Debagoiena eraldatzen deituriko bideo-sortarentzat izan da plano lokala eta globala "oso ondo" uztartzen dituelako, besteak beste. Hirugarrenik, eduki onenaren saria, Kronika (Gipuzkoa) egunkariarentzat izan da, Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportajeagatik. Artikutzako urtegiaren hustuketa ardatz hartuta, kazetak erreportaje "eredugarria" eta "balio dokumental handiko" lana sortu duela ebatzi du epaimahaiak.

Basauriko Ibaigane kultur etxean (Bizkaia) egin dute sari banaketa, eta euskarazko hedabideetako 80 lagun inguru eta erakundeetako ordezkariak elkartu dira han. Uztarri Komunikazio Taldeko kideak ere izan dira ekitaldian, eta sari nagusiarekin ez, baina diplomarekin itzuli dira herrira. Tokikom sarien helburu nagusiak bi dira: euskarazko toki komunikabideen lana ezagutaraztea eta lan horren balioa publikoki aitortzea.

Ikusi sari banaketako argazki guztiak, hemen.