Lourdes Salsamendi: "Enpresen eta talentuaren arteko lotura lantzen ari gara udal elkartean"

Urola Kostako Hitza | Onintza Lete Arrieta 2019ko aza. 14a, 20:33
Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria. (Onintza Lete Arrieta)

Irailaren 30etik dabil eginkizun berrian Lourdes Salsamendi Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria, eta 2020ko aurrekontuen zirriborroarekin dabil jada. Lana ilusioz eta arduraz hartu du, eta ziurtatu du beste alderdiekin elkarlanean ariko dela.

Lourdes Salsamendi oriotarra irail amaieran aukeratu zuten Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari. EAJko zinegotzia da Orioko Udalean, eta aurreko agintaldian Turismo eta Kultura zinegotzi aritu zen udal berean. Gogotsu ekin dio lanari, baina onartu du master classak ari dela hartzen, mankomunitatearen funtzionamendua ondo ezagutu eta erabaki zuzenak hartu ahal izateko.
 
Hilabete pasatxo egin duzu udal elkarteko lehendakari lanetan. 
Bai, hasiberria naiz, eta oso gustura nago, ikasten ari naiz egunero, eta ilusioz heldu diot erronkari. Ez da garai onena lehendakaria izendatzeko, baina horrela izan da, eta horrela hartu behar. 

Garai onena ez dela diozu. Izan ere, berandu etorri da izendapena, maiatzean izan baitziren udal hauteskundeak, eta ekainetik eratuta baitzeuden udalak. Zer gertatu da?
Ezin dizut azalpen zehatza eman, neuk ere ez baitakit oso ondo. Badakit hasiera batean uztailean egitekoa zela batzarra, baina gero, erabaki zen irailera pasatzea. Irailean, agenda kontuengatik, ezin izan genuen egin hil amaierara arte. Izan ere, eskualdeko zinegotzi guzti-guztiek egon behar dute batzar horretan.
 
Orain, epe motz-motzean, aurrekontuak landu behar. 
Bai. Udalek bezala, mankomunitateak ere bere martxa du, eta esan dezakegu kurtso amaieran gaudela, azken azterketetan: zuriketak, aurrekontuak, ordenantzak eta halakoak ditugu. Beraz, lehendakari berriak denbora gutxi du hori guztia ulertu, aztertu eta ondo bideratzeko. Zorionez, elkarteko langileen eta gainerako kideen laguntzarekin, aurrera goaz.

Aurrekontuak noizko, eta nolakoak izango ditu udal elkarteak 2020an?
Zirriborroa lantzen ari gara orain. Hori udalei pasako diegu, eta bakoitzak lanketa egin ondoren, batzorde batean proposatuko dugu behin betiko aurrekontua, haien ekarpenak jaso eta aztertuta. Bozketa abenduan izango da. Nahiko nukeen denbora gehiago izan lanketa sakona egiteko, baina ez dago, eta beraz, aurreko taldeak hasitako bidea bukatuko dugu 2020an. Aurrekontu horiek onartu bezain laster, buru-belarri jarriko gara hurrengoei begira, baina jada geure irizpide berriekin.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo Urola Kostako Hitza-ren webgunera.