'Blade runner' film klasikoa emango dute gaur zine forumean

Baleike 2019ko aza. 14a, 08:42

Film klasiko bat emango du gaur Ostarrena zine klubak Aita Marin, zine forum saioan. Ridley Scott zuzendari britainiarrak 1982an estreinatutako Blade runner pantaila handian ikusteko aukera paregabea izango da gaur Zumaian. Saioa 22:00etan hasiko da.

2019ko azaroan girotzen da pelikula, euriz blaitutako Los Angeleses hirian. Harrison Ford, Sean Young eta orain gutxi zendutako Rutger Hauer dira zine beltza eta zientzia fikzioa uztartzen dituen maisu lan honetako protagonistak. Bere momentuan ez zuen arrakasta handirik izan, baina urteekin klasikoa bihurtu da Blade runner

Hala diote Ostarrenako kideek gaurko saioari buruz: "Emanaldi berezi bat antolatu dugu udazkeneko ziklo honen barruan. Ezohikoa bada ere, ziklo ofizialeko bi filmen artean, azaroak 14an Blade Runner pelikula famatua emango dugu Aita Mari zinean. Taldean oso gustuko dugun pelikula da eta ziur aski zumaiar askok ez zuten zineetan ikusiko bere garaian. Emanaldi honen aitzakia zera da: pelikula 1982koa izanda, istorioa 2019ko azaroan kokatzen dela. Honek aitzakia eman digu film hau programatu eta zinean ikusteko aukera emateko zumaiarrei. Emango dugun bertsioa Final Cut izango da, Ridley Scottek behin-betiko bertsioa kontsideratu zuena. Saio berezia denez, prezio berezia ere izango du, hiru eurokoa. Espero dugu zuen gustokoa izatea...".