Azaroak 25: Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna

'Kontatu. Osatu' erakusketa zabalduko dute hilaren 21ean, Oxforden

Baleike 2019ko aza. 13a, 14:28

Zumaiako Mugimendu Feministak antolatuta, herriko emakume artisten lanak ikusgai egongo dira azaroaren 21etik abenduaren 8ra bitartean. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik aretoa, 18:00etatik 20:00etara.

Zumaiako Mugimendu Feministak Kontatu dinamika jarri zuen martxan 2018ko azaroaren 25aren harira. Indarkeria matxistaren ondorioz pairatutako bizipenak elkarbanatu eta azaleratzeko hausnarketa moduko ariketa egin zuten. Herriko emakumeen testigantzak jaso, eta azaroaren 25ean guztiak batera azaleratu zituzten.

Testigantza horiek ardatz hartuta, Kontatu. Osatu erakusketa aurkeztu zuten atzo jendaurrean. Irati Aldalurrek Zumaiako Mugimendu Feministako kideak azaldu zuenez, emakume bakoitzak banaka bizitako indarkeria bizipen horiek “erro berdin bat zutela” konturatu ziren taldeko kideak. Erro horri jarraituz, aurtengoan, pauso bat aurrera egin dute antolatzaileek. “Behin bizipenak kontatutakoan, elkarrekin aurrera egin eta osatzea erabaki genuen”, gaineratu zuen Aldalurrek. Horrela sortu zen Kontatu. Osatu erakusketa martxan jartzeko ideia; osatzeko puntu horretan, bildutako testigantzak artikulatu eta fokua ahalduntze feministan jartzeko asmoarekin.

Erakusketa anitza
Zumaiako emakume artistek eginiko lanak izango dira erakusketaren ardatza, eta emakumearen ahalduntzea gaitzat hartuta, hainbat elementu izango dira ikusgai. Aldalurrek azpimarratu zuenez, euskarri desberdinetako elementuek osatuko dute erakusketa: “Zeramikazko lanak egongo dira, pintura, eskulturak, bideo formatuko obrak…”. Guztira bederatzi artistek hartu dute parte azaroaren 25era begira osatutako erakusketan. Eva Franco, Aran Santamaria, Winema Cao, Olatz Goiburu, Txaro Galarza, Irene Irureta, Nerea Matias, Miren Galfarsoro eta Mireia Segurak. Distira argazki elkartea eta Astindu dantza elkartea ere presente izango dira Oxforden.

Erakusketari azken pintzeladak eman ondoren, azaroaren 21ean, ostegunarekin, zabalduko dituzte ateak, arratsaldeko 19:30ean. Abnduaren 8ra arte egongo dira ikusgai herriko emakume artisten obrak, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Bestalde, erakusketak irauten duen denboran, ekintza kultural desberdinak egingo dira Oxford Aretoan eta herrian zehar. Besteak beste, Erradikalak Ginen antzerkia eta bertsolaritza batzen dituen saioa izango da azaroaren 29an, arratsaldeko 20:00etan