Ipuinen mundua koloreztatzen

Baleike 2019ko aza. 13a, 09:33
Irene Irureta, Koldo Izagirre eta Karmele GorroƱo, Altzoko Handiaren inguruko bildumaren aurkezpenean. (Erein argitaletxea)

Karmele Gorroño galdakarrak eta Irene Irureta zumaiarrak osatzen duten Irrimarra hainbat lanetan murgilduta dabil, horien artean, Altzoko Handiaren liburu bilduma ilustratzen. Atzo aurkeztu zituzten azken bi aleak.

Atzo aurkeztu zituzten Donostian Koldo Izagirreren Altzoko Handiaren inguruko bildumaren azken bi liburuak. Izagirrek ipuinetako protagonista bihurtu du Migel Joakin Eleizegi, eta bildumako hirugarren eta laugarren zenbakiak kaleratu ditu, Erein argitaletxearen eskutik. Altzoko Handia eta Kutixiren amona eta Altzoko Handia eta Kutixiren malkoak dira, hain zuzen, kaleratu berri dituztenak. Irrimarrako Karmele Gorroño eta Irene Irureta aritu dira Izagirreren hitzak ilustratzen.

Proiektuko kideen hitzetan, "pozgarria" da bilduma forma hartzen doala ikustea. Liburuen azal bakoitzari kolore ezberdin bat eman diote: horia, gorria, morea eta urdina. "Polita litzateke ostadarra osatzeko aukera izatea", diote Irrimarrakoek.

Beste hainbat proiektutan ere aritu dira Gorroño eta Irureta, horien artean, Peru Abarka Saria irabazi berri duen Erakusleihoan libururako marrazkiak egiten. Literaturaren alorrean hainbat sari eskuratu dituen Karmele Mitxelenak egin du hitzezko kontakizuna.

005etik urtero Markina-Xemeingo Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Herri Bibliotekak elkarlanean antolatutako sariketa da Peru Abarka. Idazleen arteko lehiaketa egiten dute aurrena, eta irabazi duen testuarekin ilustratzaileena egiten dute gero. Irrimarrakoen hitzetan, horrek "askatasun osoa" eman die irudiak sortzeko. "Asko gozatu dugu", aitortu dute. Istorioaren nondik norakoak ere aurreratu dituzte: "Malenkoniaz beteriko istorio honek, saxofoia jotzen duen mutil batek amarekin duen erlazioa kontatzen du".

Pello Añorgaren Ametsen Basoa liburua ere ilustratu dute. Gainontzeko lanetan egin bezala, koloretsu irudikatu dute ametsen mundua. Marrazkilarien hitzetan, «irakurri eta berehala» irudikatu zuten fantasiazko baso hori.

Eredu "erreal eta anitzak" 
Lan pertsonaletan zein enkarguz sortutakoetan emakumezkoak irudikatu ohi dituzte Irrimarrakoek. "Gure kasuan, pertsonaia asmatuak izan ohi dira, eta horrek aukera ematen digu irudikatzen ditugun pertsonaia horiek paperaren gainean sortzeko", diote .

Pertsonaia horietako bakoitzari "izaera, itxura eta istorio propioa" ematen saiatzen dira. Emakumezkoen irudiak "errealagoak eta anitzagoak" izatea beharrezkotzat jotzen dute, eta beraz, horretan laguntzen saiatzen da Irrimarra bere sorkuntzetan. Aitortu dutenez, lan berri baterako testua iritsi berri zaie, eta lehen zirriborroak egiten ari dira. Proiektu ezberdinei heltzea da Irrimarrak etorkizunerako duen asmoa. Horma irudiak, bilduma ilustratuak, kartelak, haurrentzako denborapasak... Gorroñok eta Iruretak diotenez, aberatsa da formatu ezberdinetan lan egitea, eta asko ikasten dute horietako bakoitzetik.