Mintzalagunen hiru talde osatu dira Zumaian

Baleike 2019ko aza. 12a, 16:41

Martxan da kurtso honetako Mintzalagun programa. Urola Kosta eskualdean 19 talde osatu dira, horietatik hiru Zumaian. Hasierako ekitaldia Orion egingo da, ostegunean. 

Hamaikagarren urtez jarraian, abian da Urola Kostako Mintzalagun programa: astean behin hitzordua jarriko dute bidelari eta bidelagunek, euskaraz aritzeko. Ikasturte honetako leloa da Praktikatu eta bizi, euskaraz egin eta euskaraz bizi.

Urrian zehar izena eman eta taldeak osatuta, martxan dira asteroko hitzorduak. 19 talde osatu dira eskualdean: Zumaian 3, Orion 2 eta Zarautzen 14, eta, guztira, 80 pertsona ari dira euskara praktikatzen.

Taldeak osatu ondoren, hasierako ekitaldia egingo dute. Oraingoan Orion egingo dugu: Kultur Etxean, azaroaren 14an, 18:30ean. Hasierako ekitaldi horretan Beldurrezko ipuinak izeneko kontakizuna eskainiko du Apaxi ipuin kontalari zarauztarrak.

2009an ekin zioten programa honi. Bilakaera ona izan du, eta partehartzaile kopuruak gora egin du. 2009an 41 mintzakiderekin hasi ziren eta azken urteotan urtero 20 talde inguru eta 75-80 pertsonak hartu dute parte.

Taldeek ikasturteari ekin badiote ere, zabalik dago izen-ematea. Honako telefono eta helbideetara jo daiteke argibideak jasotzeko eta izena emateko:

  • Urola Kostako AEK euskaltegia; Zarauzko Udal Euskaltegia
  • Telefonoz: 625 485 215
  • Emailez: urolakosta@aek.eus