Uretako izaki bizidunak ulertuz

Izaskun Urbieta Esnal 2019ko aza. 9a, 10:40

Duela 15 urte ireki zituen ateak Mutrikuko Kardala akuakultura eskolak. Urte hauetan guztietan sektorean egonkortu eta ezagun egin da. Sorrera hartako partaideak izan ziren Imanol Garate eta Inaxio Manterola biologo zumaiarrak. Ordutik irakasleak dira, eta duela 10 urtetik hona baita Batirtze Letamendia ere. Hiruren bitartez eskola ezagutzeko eta akuakultura zer den ulertzeko aukera izan dugu.

Uretako izaki bizidunen hazkuntza ikertu eta garatzen du akuakulturak. “Modu errazean esanda, uretako abeltzaintza eta nekazaritza da”, azaldu dute. 2004an ireki zituen ateak Mutrikuko Kardala akuakultura eskolak. Orduan horrelako eskola bakarra zen EAEn, eta egun ere horrela izaten jarraitzen du. “Hurrengo gertuena Pontevedran dago, eta bestela, Tarragonan”, azaldu dute. Horiez gain, Andaluzian eta Kanariar Uharteetan daude beste eskola batzuk.

Kardalaren sorreran Imanol Garate dago, egun eskolako zuzendaria eta moluskuen hazkuntzarako irakasgaiaren irakaslea den biologo zumaiarra. “2000. urtean Mutrikuko institutura joan nintzen biologiako irakasle gisa, baita hurrengo urtean ere. Han nengoela akuakulturarekin zerikusia zuen Lanbide Heziketa jarri nahi zutela esan zidaten”, kontatu du. Hala, Mutriku Lantzen Garapen Agentziako arduradunarekin elkarlanean, ikasketa horiek diseinatzen hasi zen. Lan hori osatzeko, Estatu mailan martxan zeuden beste ikastetxeetako arduradunekin harremanetan jarri zen. Horrela, 2003ko abuztuan, Lanbide Heziketaren proiektua aurkeztu zuten Hezkuntza Sailari eta baiezkoa jaso ondoren, 2004-2005 ikasturtean jarri zen martxan.

“Irakasleak behar nituen, itsasoko kontuetan adituak, eta nire lehen erreferentzia Inaxio Manterola izan zen. Orduan Zumaiako Institutuan zegoen biologiako irakasle lanetan. Proiektua komentatu nion eta baiezkoa eman zidan”, kontatu du Garatek. Lehen ikasturte hartan 11 ikasle izan zituzten, horietatik zortzi unibertsitatetik etorriak. “Ilusioarekin hartu genuen proiektua, etorkizun handia izango zuela pentsatu genuen, horrelako zerbait jartzeko momentu egokia zelako”, esan du Manterolak.

Batirtze Letamendiak biologia ikasi zuen eta, ondoren, master bat egin zuen akuakulturaren inguruan. Irakasle gisa Eibarren hasi zuen ibilbidea, baina lau hilabete pasa eta gero, Mutrikura egin zuen jauzi. “Proba bat egin nuen, eta halaxe sartu nintzen duela hamar urte”, gogoratu du.

Erreferenteak

Eskola gizartearen beharretara ongi moldatu dela uste dute. Horregatik, ikastetxeak izan duen ibilbidearen balorazio ona egiten dute. “Eskolak garapen ona izan du, eta gizartearen beharretara egokitu dela uste dugu. Gure helburua beti izan da akuakultura ezagutzea eta horretan erreferenteak izatea, eta uste dugu lortu dugula. Gero eta ezagunagoa da akuakultura, baita eskola ere”, esan dute.

Alderantziz, akuakulturaren sektoreak ez du behar besteko garapena izan. “Industria sarean espektatiba asko zeuden, baina hori da bete ez dena”, esan du Manterolak. “Lanbide Heziketarekin hasi ginenean erreboiloak produzitzen zituen bi enpresa zeuden, eta handik bi urtera, ezta bat ere. Sektorea gaizki zegoela? Bai, baina ez gure eraginez. Hala ere, gaur egun badirudi pixkanaka indarra hartzen ari dela. Amuarrainak dituen enpresa bat dago, muskuiluak egiten duen beste bat hasi da, eta Orroako lantegiak ere badirudi jarraitzeko asmoa duela”.

“Donostiako edo Getxoko aquariumetan lan egiten ari diren asko gure ikasle ohiak dira; landare, lore eta maskotak saltzen dituzten dendetan ere eskari handia izaten dute.

Ikasleak, baina, alor askotarako prestatzen dituzte. Irakasgai nagusiak dira arrain, molusku, krustazeo eta hazkuntza osagarrirako produkziorako teknikak eta kudeaketa; akuarologia; akuakulturako instalazioak, berrikuntza eta automatizazio sistemak eta akuakulturako teknika analitikoak eta osasun kontrolerako metodoak. Garate moluskuetako irakaslea da, Manterola krustazeoetakoa eta Letamendia, berriz, akuarologia eta hazkuntza osagarrietakoa. “Arrainak, krustazeoak eta moluskuak jateko eta hazteko behar dutena prestatzen dugu hazkuntza osagarrietan: horretarako, zoologia, fitoplaktona, mikro algak, artemia eta abar lantzen eta ikasten ditugu”, azaldu du Letamendiak.

Lan merkaturako goi teknikariak prestatzea da akuakultura eskolaren helburua, eta bertako ikasleak hainbat esparrutan lan egiteko ezagupenekin irteten dira. “Donostiako edo Getxoko aquariumetan lan egiten ari diren asko gure ikasle ohiak dira; landare, lore eta maskotak saltzen dituzten dendetan ere eskari handia izaten dute. Baita beste leku batzuetan ere: produkzio zentroetan, ikerketa zentroetan, laborategietan, farmazietan, igerilekuetako urak analizatu eta mantentze lanetan... Lan munduratzeko abaniko nahiko zabala dute, egia esan”, kontatu dute.

Hirurek itsasoarekiko duten maitasuna begi bistakoa da, eta ikasleei ere pasio hori erakusten saiatzen dira. Letamendiari, adibidez, txikitatik datorkio zaletasuna. “Umetan andarikak, izkirak, txoazkinak, olagarroak eta abar ikusten nituen eta horiez ikasi nahi nuen, horregatik ikasi nuen biologia, eta gero akuakulturako masterra”. Manterolak eta Garatek, berriz, urteen poderioz ikasi dute orain dakitena. “Manterolak itsasoarekiko eta bertako izakiekiko duen zaletasuna ez da bakarrik ezaguna, epikoa baizik. Nik bere garaian itsas biologia egin nahi nuen, baina azkenean biologia ikasi eta botanikan espezializatu nintzen. Hala ere, beti izan dut itsasoa eta bertako izaki bizidunak ulertzeko grina hori; beraz, etengabe ikasten aritu gara”, jarraitu du Garatek.

Familia baten moduko taldea osatzen dute Kardala eskolako irakasle eta ikasleek. Hain eskola txikia izaki, hartu-eman handia dute guztiek. Ikasle asko Mutrikun bizi direla kontatu digute; izan ere, dezente dira, esaterako, Gasteiz, Burgos, Errioxa eta Madriletik etortzen direnak. “Hala ere, hemen inguruko jendea dugu gehienbat eta guztiek izaten dituzte afizio komun batzuk: surfa, arrantza, urpekaritza... Ikasleen artean zumaiarrak ere izan ditugu, noski”, aipatu dute.

Akuakulturaren helburuak

Kardala eskolara sartzen diren guztiek aquarium handi bat topatuko dute beheko solairuan, eta, bertan, hamar espezie ezberdin ikusi ahalko dituzte. Lehenengo pisura joanda, berriz, akuakulturako arrain, molusku eta krustazeoak daude, bakoitza bere igerilekuan sartuta. Horien ondoan, berriz, hazkuntza osagarriko elikagaietako gela eta laborategiak daude.

Krustazeoei dagokienez, hauek dira eskolan aurki daitezkeenak: abakandoa, andarika, txangurroa, izkira, otarrainxka... Moluskuetan, aldiz, olagarroa, muskuilua, ostra, txirla... Amaitzeko, arrainen kasuan ur gaziko eta ur gezakoak dituzte. Lehengo multzoan lasuna, lupia, urraburua eta erreboiloa, eta bigarren taldean, amuarraina eta izokina. “Akuakulturan horiek hazten dira, eta ahalik eta espezie gehien izaten saiatzen gara. Azkenean gure ezagupenak horiei esker handitzen dira, zuzenean beraiekin egiten dugu lan: horiek dira gure testuliburuak. Akuakulturako enpresetan normalean ezberdin izaten da: espezie gutxi, baina kantitate handiak izaten dituzte”, kontatu dute.

"Akuakulturan lantzen diren espezieak giza kontsumorako dira, helburu hori dute. Guk ez ditugu kantitate handiak hazten, eta, beraz, guk jaten ditugu eta sobran gelditzen badira horiekin zer egin pentsatzen dugu".

Zer egiten dute, ordea, izaki bizidun horiekin? “Akuakulturan lantzen diren espezieak giza kontsumorako dira, helburu hori dute. Guk ez ditugu kantitate handiak hazten, eta, beraz, guk jaten ditugu eta sobran gelditzen badira horiekin zer egin pentsatzen dugu. Ugaltzaileak direnak berriz jartzen ditugu eta bizi zikloa ongi ixten dugu”, kontatu dute. Ildo horretatik, animalien ongizatean arduratzen direla ere nabarmendu dute. “Ongi zainduta ditugu, eta beraien ongizatea bermatuta dago. Gure helburua ere bada teknikari kontzienteak sortzea, hau da, jakitea gizakiaren erabilpen txarrak zer eragin duen ekosisteman. Horregatik, etika ere lantzen dugu, azkenean eskola bat gara. Produkzio zentro batek agian errentagarritasuna bilatuko du, baina gure etekina psikologikoa eta pedagogikoa da. Gure asmoa da, beraz, ikasleak jakitun izatea akuakulturak zer arrisku sor ditzakeen”, azpimarratu dute.

Akuakulturak badu beste helburu nagusi bat: itsasoko izaki bizidunen birpopulaketa. Azkenean, desagertzear dauden espezieak bizirauteko modu bakarra izango da. “Dena izorratzen ari gara, naturak ez dio denari eutsiko eta ingurune guztia izorratzen ari gara: ornogabeak, krustazeo txikiak... Beraz, horiek mantentzeko era bakarra izango da”, adierazi du Letamendiak. “Ur azpian gertatzen dena ez da ikusten eta badirudi libre dagoela bertan edozer gauza egiteko. Lehorrekoa edo begi bistan dagoena ikusten den bezala, itsasokoa ez da ikusten. ‘Itsasoa infinitua da, bota zikina, itsasoak jango du eta!’, pentsatuko dute askok. ‘Arrantzatzeko arraina ez dagoela hemen? Urrutiago egongo da, lasai, ez da eta bukatuko’, beste batzuk. Kontzientzia falta dago oraindik, ematen du gauzak aldatzen ari direla, baina...”, gaineratu du Garatek.

Akura proiektua

Akuakulturako zikloa irakasteaz gain, hainbat proiektu aurrera ateratzen dituzte eskolan bertan. Horietako ezagunena eta orain martxan dutena Akura proiektua da. “Lasunaren ezaugarriak aztertu, hazi daitekeen ikusi, horretarako zer teknika behar den eta zer emaitza ateratzen den aztertzen ari gara”, kontatu du Garatek. Duela bi urte hasi ziren lanketa horretan hainbat eragilerekin: unibertsitatea eta ikerketa zentroak. “Aurten amaitzen zaigu proiektua garatzeko dirulaguntza, baina aurrera jarraitzeko perspektiba onak ditugu. Arrantza Sailak proiektu estrategikotzat hartu du; beraz, beste bi urtetan jarraitzeko asmoa daukagu”, jarraitu du.

“Lasunaren ezaugarriak aztertu, hazi daitekeen ikusi, horretarako zer teknika behar den eta zer emaitza ateratzen den aztertzen ari gara”, kontatu du Garatek

“Jende askok pentsa dezake zergatik aukeratu den lasuna, zikinean bizi den arraina delako, baita asko daudelako ere. Akuakulturak badu paradoxa bat: guk jaten ditugun arrain denak haragijaleak dira. Munduan ekoizten diren arrain guztiak pentsuarekin elikatzen dira eta pentsu hori egiteko osagaietako bat da harrapatzen den antxoetako haragiarekin egiten den arrai irina eta olioa. Orduan, arraina hazteko arraina kontsumitzen ari gara. Abeltzaintzan, berriz, denak belarjaleak hazten ditugu. Akuakulturan jasangarritasuna landu behar da. Horregatik, arrain irin eta olio gutxien duten pentsuak sortu behar dira. Zer esaten du Europar Batzordeak? Badagoela espezie bat orojalea dena eta hori lasuna da. Gainera, esaten da horiek izan daitezkeela etorkizunean akuakultura jasangarri baten espezie klabea. Horregatik aukeratu genuen lasuna, jakinda hemen okerrago ez dagoela. Hala ere, lasunak ez du batere kulparik. Urak guk zikindu ditugu eta lasunak meritua du guk zikindutako ur horietan bizitzeagatik”, kontatu dute.

Proiektu honetan hainbat eragile daude buru-belarri, eta sukaldarien laguntza ere garrantzitsutzat jotzen dute, lasunaren zabalkundean eta ezagupenean asko baitute esateko. Horietako bat da Andoni Txintxilla sukaldari zumaiarra. “Gure aliatuetako bat da, eta bere lanari esker asko ikusarazi eta ezagutarazi da lasuna. Arrainarekiko konplexu guztiak kenduta ditu eta gauza eta plater berriak ari da probatzen. Egia da kosta egiten dela gure sukaldaritzan arrain hori produktu bezala sartzea, azkenean jendeak ez duelako jaten hain erraz, baina horretan ari da”.