Iker Gonzalez: "Nire musika jo behar dutenean beti sentitzen dut tentsio puntu bat"

Maria Maya Manterola 2019ko aza. 7a, 17:28

Iker Gonzalezen eta Uxua Sorazuren Maitia abestia Tolosako Abesbatzen Nazioarteko Lehiaketan abestu dute Suitzako Männerstimmen Basel taldeak eta Asturiaseko Aurum taldeak. Gonzalez musikagilearekin izan da Baleike, hark sortutako piezaz eta sorkuntza prozesuaz hizketan. 

Nazioarteko abesbatzen topagune izan da Tolosa urriaren 31tik azaroaren 3ra bitartean. Europatik eta Asiatik etorritako abesbatzak elkartu dira bertan, Irabazleen Lehian parte hartzeko txartelaren bila. Abesbatzen lehiaketak betidanik izan du erronka bertako musika sustatzea; hori dela eta, euskarazko obra bat abestu behar izaten dute urtero folklore sailean. Aurtengoan, Iker Gonzalezen eta Uxua Sorazuren Maitia abestia hautatu dute horretarako, eta Suitzako Männerstimmen Basel taldeak eta Asturiaseko Aurum taldeak abestu dute. Iker Gonzalez musikagilearekin izan da Baleike.

Nola sortu zenuten abestia?
Abesti hau Javi Busto musikagile eta zuzendariak egindako eskari bati erantzunez idatzi nuen. Berak zuzentzen duen Aquam Lauda abesbatza entzutera joan nintzen, eta emanaldiaren ostean beraientzat zerbait idatzi behar niela esan zidan. Erronka polita zela pentsatu nuen, eta baiezkoa eman nion. 

Askotan entzun diot abestiak ez direla kantatu behar, kontatu baizik. Hitzei garrantzi handia ematen die, nik bezala, eta horregatik, garbi zegoen testu berezi bat aukeratu behar nuela. Horrelakoetan, testu baten bila ibiltzen gara, baina kasu honetan, aste eta erdi lehenago aukeratuko nuen testua iritsi zitzaidan.

Nolakoa izan da elkarlana Uxua Sorazurekin?
Aurrez berak idatzitako testu baten gainean gabon abesti bat idatzi nuen: Neguaren baitan. Nik askotan bidaltzen dizkiot testuak zuzentzeko; San Pedro abesbatzarekin lotutakoak, adibidez. Abuztuko kontzertuko gidoia bion artean egin genuen. Kasu honetan, ordea, berak testua bidali zidan nire iritzia jasotzeko asmoz. Berehala esan nion testu ederra zela, sakona eta sentikorra. Hori bai, une hartan ez nuen abesbatzarako egokia ikusten, agian emakume bakarlari batentzat… 

Idazketa prozesuan zehar ez genuen elkarlanik egin, musika idaztea lan bakartia izan ohi delako.

Aquam Lauda emakumez osatuta dagoenez, testua erabiltzeko nituen zalantzak gainditu nituen. Idazketa prozesuan zehar ez genuen elkarlanik egin, musika idaztea lan bakartia izan ohi delako. Oraingoan, bidali aurretik erakutsi nion.

Zer adierazi nahi izan duzue? 
Olerkian Uxuak bere seme Iñaki Espilla gogoratzen du, lau urtaro ezberdinetan zehar. Udazkenarekin hasten da, Iñaki urriko lehen egunetan jaio baitzen. Nire lana izan zen hitzak musikara eramatea, eta ez da erronka erraza izan, hitz gutxitan gauza asko esaten dituelako. Esaterako, udako egun argitsuak aipatzen dira, baina baita olatuen indarra ere. Estrofa bakoitza Halakotxea zu, maitea esaldiarekin amaitzen da. Errazena musika errepikatzea litzateke, baina saiatu naiz urtaro bakoitzari bere aldaketa ematen. Une sakonena amaieran dator eta hau musikaz ondo jazten saiatu naiz, aurreko zati deskriptiboetatik bereizita. 

Nola idazten da musika aurrez idatzitako testu baten gainean?
Nik beti horrela lan egin izan dut. Lehen pausua testua lasai irakurtzea da, testua barneratzea. Alde batetik, garrantzitsua da testua ulertzea, zer esan nahi digun une bakoitzean zehaztea. Une horretan saiatzen naiz musikan ez pentsatzen, baina bai bereizten azpimarratu behar diren hitzak. Lasai irakurtzean, gainera, esaldien erritmoa hartzen zoaz, hitz egiterako orduan ere hitz batzuk azpimarratzen ditugu, pausak egiten ditugu, tonuarekin ere jolasten dugu… Ondoren teklatura joaten naiz, testua aurrean dudala, koloreen edo erritmoen bila. Ez da bakarrik doinu bat asmatzea, egongo diren nota guztiak “idatzi" behar dira, eta kontutan hartu behar da ez dituela makina batek abestuko. Ahots bakoitzak bere nortasuna izan behar du.

Notak eta hitzak partituran idatzita daudenean  beste hainbat ikur gehitu behar dira, musikalki nahi duzuna ahalik eta garbien geratu dadin.

Kasu honetan, a capella izanik, emakumezko lau ahotsetara idatzita dago, nahiz eta zenbait unetan ahots hauek banatu egiten diren. Bestalde, kontutan hartu behar da esaldi musikalak olerkiko esaldiekin bat etorri behar direla, eta honek ere lanak ematen ditu. Notak eta hitzak partituran idatzita daudenean  beste hainbat ikur gehitu behar dira, musikalki nahi duzuna ahalik eta garbien geratu dadin. Tolosako lehiaketarako partitura prestatu behar izan nuenean, Javi Bustok eskatu zidan pentagramen artean zegoen distantzia handitzeko, orrialde gehiago izan arren abeslariek espazio gehiago izango zutelako oharrak idazteko. Kontutan hartu behar da euskaraz ez zekitela, eta horrelakoetan ondo datoz oharrak, batez ere, hitz berezi horiek azpimarratzeko.

Zer sentitu zenuen lehiaketarako zuen abestia hautatu zutela jakitean?
Lehen uneko harridura pasa zenean, ilusioa eta poza, ardura puntu batekin nahastuta. Tolosa abesbatzen munduko topagune bihurtzen da egun horietan. Europako lehiaketen artean garrantzitsuenetako bat da, atzerritik hainbat taldek beraien musika eskaintzen dute, eta epaimahaia ere zuzendari ospetsuz osatuta dago. Bestalde, Tolosa hemen egiten den musikaren erakusleiho bihurtu da, abesbatza guztiek gutxienez bi lan eskaini behar dituztelako euskaraz (bata derrigorrezkoa eta bestea beraiek hautatua). Honetan esperientzia dutenekin hitz egin nuenean, denek esan zidaten gozatzera joateko. Hau zen helburua eta bete dela esan dezaket.

Nolakoa izan da zure obra Tolosan entzutea?
Nire musika jo behar dutenean beti sentitzen dut tentsio puntu bat. Kasu honetan, urduriago nengoen, ez bakarrik musikagatik, baita abeslariek testua ondo kontatzea nahi nuelako ere. Partituran bertan testuaren itzulpenak jarri nituen, bai gazteleraz eta baita ingelesez ere. Azken hau egiteko laguntza eskatu behar izan nuen, testu poetikoak itzultzea erraza ez delako eta esanahaiaren inguruko zalantzak saihesteko. 

Aurten, ahots berdineko bi taldek bakarrik parte hartu dute (beste zortziak ahots nahasikoak ziren) eta nik Luancoko Aurum taldearen interpretazioarekin geratu nintzen. Ondoren, talde honetako zuzendariarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Zioenez dirudiena baino konplexuagoa da obra, bere hitzetan, behartua izateko oso egokia. Hori bai, obrarekin asko disfrutatu dutela ere esan zidan, eta horrekin oso pozik nago. 

Guzti hau disko baten "A aldea” dela esan genezake, baina beti dago “B alde” bat. Tolosan beti dago tarteren bat maite dugun mundu honetaz solasean ibiltzeko, askotan barre eta ironien artean. Oso berezia izan zen larunbateko saioan gertuko jendea bertan egotea, horien artean Uxua bera, eta baita San Pedro abesbatzako taldetxo bat ere.