Argazkien distira Oxforden

Baleike 2019ko aza. 6a, 07:57

Zumaiako Distira argazki elkartearen erakusketa kolektiboa zabaldu dute Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Elkarteko hamazazpi kideren lanak bildu dituzte bertan.

Laino artean galtzen den zubia eta urpeko animaliak; ibaiaren erriberetan atseden hartzen duten txalupak eta Indiako kale estuetatik barrena igarotzen diren bizilagunak. Irudi horiek eta gehiago ikus daitezke Zumaiako Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan, Distira argazki elkarteak antolatutako erakusketa kolektiboan.

Zumaiako argazki elkarteak urtero antolatu ohi du mota horretako erakusketa bat, urtearen amaieran. Elkarteko hamazazpi bazkideren lanak bildu dituzte aurten, azaroaren 17ra arte zabalik izango den erakusketan. "Distirak, une honetan, 40 bazkide ditu, eta denei ematen zaie erakusketan parte hartzeko aukera. Partaideen arabera egokitzen dugu lanen tamaina", azaldu du Soraya Lopez Distirako zuzendaritzako kideak.

"Erakusketa honekin, gure lanak ikusgai jartzeaz gain, zumaiarrei erakutsi nahi diegu edonork atera ditzakeela argazki politak, teknika pixka bat ikasita. Gainera, irudimena eta argazkigintzarako pasioa ere behar izaten da", gaineratu du.

Pasio hori nabari zaie elkarteko bazkideei. Lopezek nabarmendu duenez, argazkigintza ez da elkarteko inoren lanbidea. "Hala ere, bazkide asko beraien lanak publikoki erakustera animatu dira, tamaina handian, gainera. Ez da gauza bera argazkiak mugikorreko pantailan edo tamaina handian ikustea; handian akats guztiak nabari daitezke".

Distirak zuri beltzeko argazki lehiaketa antolatzen du udaberrian. Gai zehatz baten inguruan atera behar izaten dituzte argazkiak parte hartzaileek. Urte amaierako erakusketa kolektiboan, ordea, ez da hala izaten. "Gaia librea izan ohi da. Urte batean edo bestean gaia jarri diegu argazkilariei, zerbait berezia gogoratu nahi izan dugulako. Baina, orokorrean, norberak gogokoen duen argazkia jartzen du. Hori da erakusketaren helburua", dio Lopezek.

Argazkietan jasotzen diren gaiak ahalik eta anitzenak izatea ere nahi du elkarteko zuzendaritzak. "Nire ustez, aniztasun hori da txalogarria. Aukera guztietara zabalik dagoen irudia eman nahi dugu, eta argazkiak aukeratzeko orduan parametro horrek pisu handia izaten du. Bazkide bakoitzak bere gustu propioa du, argazkigintzaren inguruko bere ikuspuntua. Baina garrantzitsua da, baita ere, elkarrengandik ikastea; erakusketen eta antzeko ekintzen bidez denok izaten baitugu ekarpenak egiteko eta ikasteko aukera", azpimarratu du Lopezek.

Ibilbide luzea duen elkartea da Distira. Aurrez aipatutako zuri beltzeko lehiaketaz gain, Olarro Eguneko Argazki Rallya ere antolatzen du. Baina ez da horretara mugatzen Zumaiako argazki elkartearen jarduna. "Tailerrak eta argazki irteerak ere antolatzen ditugu urtean zehar. Eta argazkigintzaren ezagutza partekatzeko bilerak ere egiten ditugu", gogoratu du Lopezek.

Etorkizun hurbilera begira, Foronda kultur etxean duen estudioaren erabilpena indartu nahi dutela dio hark. "Elkartean denbora gutxi daraman jende asko dago, eta ez da ausartzen estudioa erabiltzera. Bestalde, orain gutxi Espainiako Argazkigintzako Saria jaso duen Asier Garagarzarekin ikastaro bat egin genuen. Berak lana nola egiten duen erakutsi zigun, eta orain, fraktalen inguruko tailer bat antolatzea dugu buruan, ezezagunak ditugun teknikak ikasteko. Gure helburua, beti ere, argazkigintzan ikasten jarraitzea da", amaitu du Lopezek.

Erakusketa egunero egongo da zabalik, 18:00etatik 20:00etara, azaroaren 17ra arte.