Ttap aldizkari digitala, Rikardo Arregi sarietan finalista

Baleike 2019ko aza. 5a, 18:57

Andoaingo Udalak Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko finalisten berri eman du. Komunikazio sariko finalistetako bat da Ttap aldizkari digitala.

Gaur jakinarazi ditu Andoaingo Udalak Rikardo Arregi Kazetaritza Sariko finalisten berri. Komunikazio sariko finalistetako bat da Ttap aldizkari digitala. Azaroaren 28an jakinaraziko dute irabazlea, sari banaketa ekitaldian. Ondorengo hauekin batera izan da finalista gisa hautatua Ttap:

  • 2019ko Korrikaren komunikazio kanpaina.
  • Egunean behin jokoa, CodeSyntaxen eskutik.
  • Barruan gaude podcasta, Oier Aranzabalek Zuzeun argitaratzen duena.

Kazetaritza sariko lau finalistak, aldiz, honako hauek dira:

  • Jon Artanoren elkarrizketak eta kronikak Ameriketatik EITBn.
  • Ana Galarragaren Iraultza txikien lekukoak atala Elhuyar aldizkarian.
  • Miel Anjel Elustondoren Zozoen elean elkarrizketa sorta Berria-n.
  • Kanaldudeko Hurbiletik saioko uda arteko atalak.

Urtebeteko ibilbidea du Ttapek. Dagoeneko, 52 zenbaki kaleratu dituzte aldizkari multimedian, eta 100dik gora elkarrizketa jaso. Ttap irakurri nahi duenak, ttap.eus webgunera joan eta iOS zein Android aplikazioa deskargatzea besterik ez du. Aplikazio horrek kiosko moduan funtzionatuko du, eta aurrerantzean kaleratzen diren guztiak deskargatu ahalko dira bertatik: https://ttap.eus.

Aldizkari Digital Multimediak SL enpresa da Ttap argitaratzeaz arduratzen dena, eta Baleikez gain, honako hauek dira bazkideak: Durangaldeko Anboto, Goiena, Iruñerriko Euskalerria Irratia, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen Tokikom bateragunea eta Kataluniako Esguard –azken hau hartu dute erreferentzia modura Ttap aldizkaria sortzeko–.