Errigoraren hiru saski zozkatuko ditugu bazkideen artean

Baleike 2019ko aza. 4a, 13:38

Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako hiru saskiren zozketan parte hartzeko aukera izango dute bazkideek asteazken goizera arte.

Aste honetan, euskara eta elikadura uztartzen dituen Errigora ekimenaren hiru saski zozkatuko ditugu Baleikeko bazkideen artean. Asteazken goizera arte izango da parte hartzeko aukera, hemen. Gogoratu, ezinbestekoa dela Baleikeko bazkide izatea.

Tokiko produktuak merkaturatzeaz gain, Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintza bultzatzeko sortu zen Errigora, duela sei urte. Auzolana da kanpaina posible egiten duen ezinbesteko osagaia: Euskal Herrian kanpainaren berri eman eta eskaerak jasotzen ari dira ehunka lagun, borondatez. Urteotan 1.000.000 euro bideratu dituzte dagoeneko Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskara hauspotzen duten askotariko proiektuei. Aurtengoan, saskiak eratzeko auzolan erraldoia Ablitasen egingo da, azaroaren 9an. 

Badira hainbat berrikuntza aurtengo kanpainan. Orain arte bi saski jarri dituzte aukeran; oraingoan, hiru saskiren artean aukeratu ahal izango dute herritarrek. Bestetik, ohiko salmenta puntuez gain, saskiaren eskaera online egin ahal izango da errigora.eus atarian. Diru ekarpenaren zati bat Agerraldia ekimenera bideratuko da, zonaldeko AEK, Ikastolen Elkartea eta Sortzen eragileetaz gain.