Uxue Alberdi: "Oso gutxi irakurtzen da orokorrean, eta hori ez dute irakurle taldeek soluzionatuko"

Baleike 2019ko aza. 2a, 10:00
Argazkia: Jonathan McCallum

Uxue Alberdi idazlea 2011z geroztik dabil irakurle taldeetako dinamizatzaile lanetan. Hasieran Getarian, gerora etorri zitzaion Zumaiakoa gidatzeko aukera. Egun, bi herri horiez gain, Lasarte-Orian ere badabil. Urriko Baleike aldizkariko Hitz-tantak atalean elkarrizketatu genuen.

Zerk bultzatu zintuen irakurle talde bat sortzea?
Ezagutzen nuen irakurle taldeen lana, idazle gisa. Literaturaz hitz egiteko, irakurzaleak elkartzeko, idazleak eta haien lana ezagutzeko espazio ederrak dira, eta pentsatzen nuen gustura ariko nintzela dinamizatzaile lanetan. Ez nintzen ekibokatu.

Zortzi urte igaro dira sorrerako taldeetatik. Nola eboluzionatu dute, orokorrean, eta Zumaiakoak, bereziki?
Hasierako izen-ematea beti izaten da puztu samarra. Ondoren, taldea egonkortu egiten da eta badira irakurle batzuk –gehienak­– lehen urtetik parte hartzen dutenak. 8-10 lagun elkartzen gara Zumaian, bisitan datorren idazlearen arabera, gehiago. Talde polita da gertutasunez hitz egiteko. Dagoeneko elkar ezagutzen dugu eta konfiantzan eta giro onean aritzen gara. Urtero gerturatzen da kide berriren bat ere,  ateak beti daude zabalik.

Irakurle taldearen helburu argiena irakurtzea eta irakurritakoa taldean elkarbanatzea eta aberastea dela aipatu zenuen Baleikek 2014an egin zizun elkarrizketa batean; “plazer horrekin gozatzen dugunok konpartitzeko gune bat izatea”. Horrela jarraitzen al du?
Bai, oso kontu sinplea da: elkarrekin egon, bakarka irakurritakoa taldean konpartitu, idazketaz, liburuez, istorioez, pertsonaiez hitz egin, idazleak ezagutu. Hizketa goxoa hilean behin, plazer txiki bat.

Zein da zure betebeharra taldearen barruan?
Galderak egitea, entzutea, gaiak ateratzea, liburuen ertz diferenteetatik tiratzea, nire iritzia ematea, idazleari abegi egitea, aspaldiko irakurketak gogora ekartzea, liburu interesgarriak proposatzea... Hobeto irakurtzen ikastea ere bada helburu bat, gehiago eta sakonago gozatzeko, saiatzen naiz gako batzuk ematen. Giro atsegina sortzen saiatzen naiz.

Ikasturtean zehar irakurtzen diren liburuak aukeratzeko irizpidea aldatu egin zaizu urteen poderioz?
Ez dut uste askorik aldatu denik: liburu berriak eta zaharrak tartekatzen ditugu, jatorrizkoak eta itzulpenak, genero desberdinetakoak (nobelak, ipuinak, saiakerak, poemarioak, kronikak...). Liburu onak proposatzen saiatzen naiz, diferenteak idazleetan, gaietan, estiloan... plazer literario desberdinak haztatzen.

Idazleak ere etortzen dira saioetara beraien liburuen berri ematera eta taldekideen iritziak jasotzera. Zu zeu idazlea ere bazara. Tokatu zaizu inoiz gonbidatua izatea? Zer moduzko esperientzia da?
Irakurle talde askotan izan naiz. Esperientzia aberatsa da eta estimatzen da irakurleekin tratua izatea, idatzi, bakardadean idazten baitugu.

Zein izaten da idazlearen lana taldera joandakoan? Zu asetu izan zaitu edo konpromisoz edo marketin modura egin duzu?
Idazle lanaz hitz egitea: hartutako erabakiez, kezkez, metodoez, gogoetez, pertsonaiez, dialogoez, hasierez, amaierez, norbere irakurketei buruz... Gustatzen zait jendearekin egotea. Hala ere, egia da, liburu berarekin irakurle talde askotara joan izan naizenetan aspertu izan naizela neure buruari entzuteaz, eta sentitu izan dudala beharra isiltzeko eta berriro barnera biltzeko. Egindakoaz hitz egitea polita eta aberasgarria da neurri bat arte, baina iristen da momentu bat liburuak atzean uzteko beharra sentitzen dudana.

Irakurle taldeetan bizitakoa partekatzen duzu beste herrietako gidariekin edo idazleekin? 
Bai, lagun idazleekin (batzuk gidari ere badira) hitz egiten dut.

Irakurle taldeak sortzeak onura ekarri dio literaturari?
Harkaitz Canok hil beila gisa definitu zituen aspaldi. Parte hartzen duten irakurzaleentzat gune zoragarriak dira, baina oso gutxi irakurtzen da orokorrean, eta hori ez dute irakurle taldeek soluzionatuko. Kultura zokoratuta daukagu, zer esanik ez euskal kultura eta literatura. Guk geureari eutsiko diogu, honexek bizi gaitu eta.

Egun, ezbairik gabe, irudiaren gizartean bizi gara. Zer egin behar da irakurzaletasuna sustatzeko?
Irakurri.