"Itsasoaren mailaren igoera aintzat hartu behar da kostako herrien hirigintzan"

Gorka Zabaleta 2019ko urr. 30a, 08:36
Argazkia: Gorka Zabaleta

Itsasoaren mailaren igoera da klima aldaketa eragiten ari den ondorio nabarmenetako bat. Zergatik ari da igotzen? Zenbat igo da eta zenbat gehiago igoko da? Nola eragingo digu euskal kostaldean bizi garenoi? Galdera horiei erantzuteko ari da lanean Elisa Sainz de Murieta BC3 ikerketa zentroko geologoa.

Egunean bi aldiz bete eta husten den bainuontzi eder baten ertzean bizi gara Zumaian. Itsasadarrak aukera ematen digu arrantzan egiteko, arraunean aritzeko, bainua hartzeko edo, besterik gabe, urari begira gure pentsamenduetan nabigatzeko. Itsasertzean bizi gara; zorionekoak gu. Baina zer gerta daiteke itsasoaren mailak gora segitzen badu? Bainuontziak gainezka egingo al du?

Elisa Sainz de Murietak (Bilbo, 1977) ederki ezagutzen ditu Zumaia eta euskal kostaldea. Geologian doktorea, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko zuzendaria zen Zumaia eta Deba arteko kosta lerroa biotopo babestu izendatu zutenean. Gaur egun, BC3 (Basque Centre for Climatic Change) ikerketa zentroan ari da lanean; zehazki, klima aldaketak euskal kostaldean izango duen eragina ari da ikertzen. Beregana jo dugu erantzun bila.

Aurten kamera berezi batzuk jarri ditu Azti Tecnaliak Itzurunen eta Santiagon, klima aldaketaren ondorioak neurtzeko. Zergatik hondartzetan?

Klima sistema bat da, makina baten modukoa. Aldaketaren bat egiten baduzu, eragina du sistema osoan. Negutegi efektua prozesu natural bat da berez, ahalbidetu duena Lurrean bizitza sortu eta garatzea. Atmosferan dauden gas batzuek gaitasuna dute eguzkiak igortzen duen energiaren parte bat gordetzeko, eta lortzen da tenperatura tarte egokia bizitzarentzat. Baina gizakiok gas horien kopurua neurrigabe handitu dugu atmosferan eta horren lehen ondorioa izan da tenperaturaren igoera. Tenperaturaren igoerak, aldi berean, itsas mailaren igoera ekarri du. Orain arte espantsio termikoa da gehien gertatu dena: gorputz bat berotzen denean bere bolumena handitu egiten da, eta hori gertatu da itsasoarekin. Orain arteko igoera ez da izan izotza urtu delako. Baina orain bai, ikusten ari gara Groenlandiak eta Antartikak uste baino ekarpen handiagoa egin dezaketela aurrerantzean.

Beraz, negutegi efektuko gasen isurketak ondorio zuzena izan dezake Itzurungo hondartzan.

Hori da. Euskal kostaldea malkartsua da eta hondartza gehienek ez dute atzera egiteko tarterik. Beraz, itsasoaren maila igotzen bada, esan nahi du hondartzaren eremua murriztu egingo dela. Ez da hori bakarrik. Itsasoaren maila igotzen bada, denboraleek eta olatu bortitzek kalteak eragiteko gaitasun handiagoa izango dute. Aztiren kamerekin hondartzen bilakaeraren segimendu zehatza egin nahi da.

Itsasoaren maila dagoeneko igo egin dela diozue ikertzaileok. Zenbat igo da?

Kalkulatu da industrializazioa hasi zenetik [1880a hartzen dute abiapuntutzat] 20 bat zentimetro egin duela gora; gutxi gorabehera, 2 milimetro urteko XX. mendean zehar. Baina azken hamarkadetan satelite bidez egiten ari diren neurketetan ikusi denez 1993tik 3 mm hazi da urteko, eta 2010etik aurrera erritmoa areagotu egin da. Gaur egun 3,3 mm ari da igotzen urteko, eta bizkortzen ari da.

Eta zer aurreikuspen egin dituzue mende honetarako?

Guk ez dugu esaten hau gertatuko da edo bestea gertatuko da; guk baldintza batzuk aztertzen ditugu eta horren ondorioak kalkulatzen ditugu. IPCC aditu taldeak [klima aldaketa ikertzen ari den nazioarteko erakunde nagusia] sei urtean behin txostenak egiten ditu, munduko zientzialariek egindako lanak oinarri. Etorkizuneko lau agertoki edo balizko egoera ezberdinekin egiten dugu lan. Izen arraroa dute, RCP (Representative concentration pathways, kontzentrazio bide adierazkorrak) gehi zenbaki bat (zenbakiak adierazten du Lurra zenbat berotuko den, erradiazio indarra). Baikorrena da RCP2.6, Parisko akordioa betetzea. 4.5 eta 6.0 tartekoak dira, 8.5 da gaur egungo bidetik segitzen badugu, ezer aldatu gabe.

Eta zer diote zuen kalkuluek agertoki baikorrenean eta zer ezkorrenean?

Euskal kostaldean, hartzen den agertokiaren arabera, 40 eta 80 zentimetro arteko igoera gerta daiteke mende amaierarako. Horiek dira agertoki estandarrak. Hori batezbestekoa da. Agertoki bakoitzak badu ziurgabetasun tarte bat. Imajinatu agertoki bakoitzak abaniko itxura duela. Hor badaude emaitza baikorragoak eta beste batzuk ezkorragoak. Aipatzen diren emaitzak dira tartekoak. Baina, erne, orain arte egin diren aurreikuspen guztietan, itsasoaren mailari dagokionez, datu baikorrenak erabili izan dira, baina ikusten ari gara emaitzak okerragoak direla azken 20 urteotan.

Zergatik?

Orain arteko kalkuluetan ez da aintzat hartu kontinenteetako izotzaren urtze prozesua azkarragoa izan zitekeenik, baina hala ari da gertatzen. RCP 8.5 agertokia baino okerragoa gerta daiteke, oraindik ere ez dugulako ondo ulertzen Groenlandiako eta Antartikako urtze prozesua, eta baliteke guk uste baino larriagoa izatea. Artikulu batzuetan, 1,5-2 metroko igoerak aipatzen hasi dira, egoera okerrenean.

Mende amaierara iritsi aurretik igoera nabarmenak ikusiko al ditugu?

Euskal kostalderako egin ditugun kalkuluetan Zarauzko datuak dauzkagu Zumaiatik gertuen. Mende hasieratik neurtzen hasita, 2030erako 12 zentimetro inguruko igoera; 2050erako, 23-26 zentimetro artekoa; hortik aurrera, aldeak nabarmenak dira: etxeko lanak egiten baditugu, 45 zentimetroko igoera da batezbesteko emaitza mende amaierarako; ez baditugu egiten, 72 zentimetrokoa.

Eta zein dira etxeko lanak?

Badago mundu mailan hartutako konpromiso bat, Parisko Akordioa deritzona. Akordio hartan adostu zen munduko batezbesteko tenperaturaren igoera bi gradutara mugatu behar dela [industrializazioaren hasieratik zenbatuta; dagoeneko bat igo da], eta ahalegin guztiak egin behar direla igoera hori 1,5 gradutara mugatzeko, gradu erdiko aldeak ondorio biderkatzailea daukalako kalteetan. Hori lortzeko etxeko lanak zein diren zehaztu du IPCCk, eta askori ez zaie batere gustatu, aldaketa oso sakonak egin behar direlako eta oso denbora tarte laburrean, mende erdirako. Gaur egun munduko herrialdeek hartu dituzten konpromisoekin ez da nahikoa, 3,5 graduko igoera batera goaz. Igoera 1,5 gradutara mugatzeko, mundu mailan lortu behar da karbonoarekiko neutrala den sistema mende erdirako. Karbonoaren balantzeak zero izan behar du. Isurtzen duguna hustulekuek (oihanak, itsasoa...) gordetzeko gai izan behar dute. Gaur egun, helburu horretatik oso urruti gaude.

Eta guk zer egin dezakegu?

Gogoratu tenperatura igotzen ari dela atmosferara isurtzen ari garelako negutegi efektua areagotzen duten gasak (CO2, metanoa...). Isurketa horiek gertatzen dira energia sortzeko garaian, garraioan, eraikinetan, nekazaritzan... Euskal Autonomia Erkidegoan, energiaren sorrerak eta garraioak isurtzen dute guztiaren % 60. Hor dauzkagu erronka handienak. 15 urte barru ikusi beharko genituzke gauzak asko aldatuta: auto elektrikoak, eguzki panelak... Eraldaketa handi bat, isurketen iturria ixteko.

Ados, guk gure etxeko lanak egin beharko ditugu, baina herrialde txikia gara eta horrek ez du eragin handirik izango handienek ez badute konplitzen. Zer gehiago egin dezakegu?

Egokitzapenean asko egin dezakegu. Etorriko denari aurre egiteko neurriak geuk hartu behar ditugu, maila lokalean. Zumaiaren kasuan, mehatxu handi bat itsasotik etorriko zaio: denboraleak, itsasoaren mailaren igoera... Horrek eragina izango du hondartzetan, portuan eta herrian. Tenperaturak ere kudeatu egin behar dira. Beroaldiak sarriago izango ditugu eta horri erantzuteko neurriak hartu beharko dira. Alerta goiztiarreko sistemak; itzalpeko guneak sortzea; iturriak; kalean lan egiten duen jendearen baliabideak; haurren, zaharren eta gaixoen gaineko zaintzak... Neurri batzuk oso garestiak eta inpaktu handikoak dira (dikeak, harresiak...), baina beste askok ez dute kostu handirik. Naturan oinarritutako neurriak ere har daitezke (padurak bultzatuz, duna sistemak...), eta ez dago itxaron beharrik kalte handiak gertatu arte. Airearen kalitatea hobetzeko neurriak ere har daitezke, energiaren kontsumoa murriztu, energia berriztagarriak bultzatu, mugikortasun planak landu...

Baina badago puntu kritiko bat: uraren maila igotzen bada, gu bainuontziaren ertzean bizi gara, horrek gainezka egingo du. Nola babesten gara? Harresi bat eraiki behar dugu? Herria mugitu behar dugu atzerantz? Urari irabazitako eremuan dago herriaren parte handiena. Hor arazo handi bat daukagu.

Bai, arazo batzuei aurre egiteko ingeniaritza lan handiak beharko dira. Baina plangintza urbanoa oso garrantzitsua da. Plan orokorra egiteko garaian kontuan hartu behar dira klima aldaketaren ondorioak, eta itsasoaren mailaren igoera ere aintzat hartu behar da kostako herrien hirigintzan. Planak 20-30 urteko ikuspegia izan behar du. Ikusten bada itsasoaren mailaren igoerarekin itsasadarraren ondoan dauden eremuak urak har ditzakeela, gutxienez birpentsatu beharko da hor etxeak eraiki behar diren, eta hala bada zer neurri har daitezkeen arriskua gutxitzeko edo ekiditeko. Ikuspegi hori ezinbestekoa da gaur egun. Herri mailan, plan urbanistikoa da tresna nagusia klima aldaketari aurre egiteko.

Gure gizartearen joera da kostaldera joatea bizitzera, presio urbanistikoa kostako herrietan dago.

Gure gizarteak badaki zer den klima aldaketa, baina gure bizimoduan izan dezakeen eragina ez daukagu garbi, eta ez gaude hainbat gauza egiteko prest. Hori ondo landu behar da, ondo azaldu behar da, partaidetza prozesuak zabaldu behar dira eta gobernantza eredu berri bat behar da. Iritsi gara puntu batera neurri sakonak hartu behar direna, eta oraindik ez gaude prestatuta. Baina ezin dugu gehiago atzeratu. Aldaketa horiek guztiek ondorio ekonomikoak izango dituzte hainbat sektoretan. EAEn, adibidez, autogintzan. Hori leuntzeko neurriak hartu beharko dira. Gizartea ez badago kontzientziatuta, ez da erraza hori politikagintzatik bultzatzea. Eta politikatik orain arte ingurumen arazo bat bezala ikusi da, ikuspegi osorik gabe.

Herritarrok arazoaren kontzientzia hartzeko bere eguneroko bizitzan izango duen eragina ikusi behar dugu.

Hala da. Hondartzara joateko ordua ondo zaindu beharko da, askotan marea goraino igoko delako; urak nahikoa sarri egingo du gainezka itsasadarrean, garajean ura sartuko da... Hori 30 urte barru gertatuko dela esatean, orduan piztuko da, agian, jendea. Baina ondorioei aurre egiteko orain hasi beharra dago planifikatzen. Agian oraindik ez da ingeniaritza lan handirik egin behar, baina has gaitezke aurreikusten, eta bitartean neurri apalagoak hartu. Dena ez dugu orain egin behar, baina epe luzeko plangintzek klima aldaketaren aldagaia izan behar dute txertatuta. Pasa gara klima aldaketa ikertzetik klima aldaketa bizitzera.