Marea biziek arazoak sortu dituzte herriko leku batzuetako sistema elektrikoan

Baleike 2019ko urr. 29a, 19:56

Suhiltzaileak Zumaian izan dira arratsalde honetan. Taxi geltoko aurreko tapa batetik kea ateratzen zen, eta larrialdi zerbitzuei egin die dei Udaltzaingoak. 

Arratsaldeko bostak aldera izan da gertaera. Bonifazio Etxegarai kalean, taxi geltoki aurreko tapa batetik kea ateratzen zen, eta larrialdi zerbitzuei dei egin diete. 7 mares paretik ateratzen zen kea. Suhiltzaileek tapa kendu eta piztutako sua aurkitu dute bertan. Agurtzane okindegi aurreko kutxatila batean ere antzera gertatzen zen, ke maila txikiagoa bazen ere. 

Udaltzainek Baleikere adierazi dietenez, mareak biziak direnean, itsasgorarekin, zirkuitulaburrak izaten dira zonalde honetan ur gaziak kableekin kontaktua egiterakoan. "Azken urteotan gertatu dira halakoak inguru honetan, baina baita Erribera kalean, moilan, eta, parolbidean, Baltasar Etxabe kalean ere". 

Igandean bertan zirkuitulabur hauetako bat izan zen, eta Aita Mari zineari eta inguruko etxebezitzei eta negozioei eragin zien, argindarra joan zenean. Gaur goizean bertan Erribera kale inguruko etxebizitza eta saltoki batzuek argindarrik gabe izan dira une batzuetan. 

Iberdrola etxeko langileak gerturatu dira, eta, ur maila jaisten hasi denean, sistema elektrikoa aztertzen aritu dira.