Txikitasunean Handi eguna ospatu dute Arroa Behean

Urola Kostako Hitza 2019ko urr. 27a, 13:39

Atzo, larunbata, Txikitasunean Handi eguna ospatu zuten Arroa Behean. Goizean goizetik hasita giro ederra izan zen nagusi auzoan.

 

Giro ederrean ospatu zuten Arroa Behean Txikitasunean Handi eguna. Atzo, larunbata, goizean goiz hasi zuten herritarrek festa, Arroa Bira eta MTB irteerarekin. Arroabeko Festa Batzordeak adierazi duenez, 60 pertsona inguruk parte hartu zuten bi ekintza horietan. Arroa Bira egin zutenek, ibilbide motza (5,7km) eta luzea (14km) izan zituzten aukeran, eta MTB irteera egin zutenek, berriz, 37 kilometroko bidea egin zuten Arroatik Pagoetara. Bi ekintza horiek Arroabean amaitu ziren, eta ondoren, jan-edanerako tartea izan zuten parte hartzaile guztiek Ederki elkartean.

Arratsaldean ere gozatu ederra hartu zuten arroarrek. Hasteko, txikienek I. Korrikola lasterketan parte hartuzuten; Arroa Beheko erdiguneari bost buelta eman zizkioten lasterka, eta buelta bakoitzeko, kola trago bat edan behar izan zuten. Joseba Aristondok irabazi zuen lasterketa. Ondoren, II. Korrikaña proba izan zen, eta dozena-erdi bat herritarrek parte hartu zuten bertan; lehiakideek bost buelta eman zizkioten erdiguneari, eta buelta bakoitzeko zurito bat hartu zuten. Miguel Angel Dominguez nagusitu zen aurten Korrikaña proban. Lasterketa bakoitzaren amaieran egin zuten sarien banaketa, eta Korrikaña lasterketaren amaieran parte hartzaile guztiek argazkia atera zuten.

Hona hemen Txikitasunean Handi eguneko argazki bilduma: (Arroa Beheko Festa Batzordea – Hitza)