Urtero bezala, azaroaren 1ean, ostirala, Ganadu-Peria ospatuko dute Itziarren. Goizeko 9:00etatik 14:30ak bitarte irekiko ditu ateak periak. Hala eta guztiz ere, egitarau borobila antolatu dute auzolanean. Aurten, lehenbizikoz, Urrezko Aizkora jokatuko da Itziarko Peria egiten den industriagunean bertan.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez,ganadu ugari izango da aurten perian, besteak beste, behiak, idiak, behorrak, astoak, pottokak, txerriak, ahuntzak eta ardiak. Blonda, pirenaika, limousin, asturiana eta betizu arrazako ganaduak izango dira bertan, eta aurten, berezitasun moduan, baita Indate Berriko abere bitxien erakusketa ere. Horien artean, bufaloak, alpaka eta lau adarreko ardiak ikusteko aukera izango da. bestetik, Gailur zalditegiko zaldien erakusketa jarriko dute, eta zaldi gainean paseotxoa eman ahal izango da. Euskal Herriko IV. Sasi ardi txapelketa eta sari banaketa ere egingo dute, hamabost ukuilu ezberdinetako ardiekin. Gipuzkoako V. Ahuntz azpigorrien txapelketa ere jokatuko da.
Urrezko Aizkora
2019ko Urrezko Aizkoraren lehenbiziko kanporaketa da Itziarren jokatuko dena. Aizkolariek eta harri jasotzaileek hartuko dute parte: aizkoran Ugaitz Mugertza III, Xabier Zaldua, Ruben Saralegi eta Hodei Ezpeleta, eta harri jasotzen, Manex Aburuza eta Iraitz Arrutik. Txapelketa bertatik bertara ikusi ezin dutenek telebistaz jarraitu ahal izango dute, ETB1en.
Bertako produktuak edota arropa saltzen 200 postu inguru izango dira. Bertako produktuen aldeko apustua indartu dute antolatzaileek, eta iaztik nabarmen ingo da artisau postuen kopurua. Itziarko trikitilariek girotuko dute goiza, eta tabernaz gain, talo postua ere jarriko dute Segura, Ataun eta Lazkaoko talogileek. Peria eguerdian amaitu arren, arratsaldean festarekin jarraitzeko kantu-jira izango da Itziarko kaleetan zehar.
Garraio publikoa
Antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, Zumaiatik eta Debatik jarriko dituzten autobusetan. Hala eta guztiz ere, industriagunean eta Txitxarro dantzalekuan parean aparkalekuak egokituko dituzte egunean bertan lanean ariko diren boluntarioek.