Larraina Euskara Taldea sortu dute, Zumaian euskararen erabilera sendotzeko helburua izango duena

Baleike 2019ko urr. 25a, 16:07

Euskararen inguruko proiektu txikiak aurrera eraman eta era guztietako jendea elkartzeko gunea izan nahi du. Azaroa erdi aldera batzarra antolatuko dute partaideen kezkak eta eskuhartzeko guneak aztertu eta finkatzeko.

Ostegun arratsaldean aurkeztu zuten Alondegian Zumaiako Larraina Euskara Taldea. Herritar talde bat elkartu zen proiektuari atxikimendua emateko eta Nerea Goiria eta Belen Uranga partaideek taldearen ezaugarrien eta helburuen berri eman zieten bertaratu zirenei. “Larraina leku bat da, eta, nagusiki, bi adiera dituen hitza da. Batetik, laboreen alea eta banatzeko lekua da. Bertan, nekazariak auzolanean egiten zuten lan. Bestetik, ondo pasatzeko lekua ere bazen, eta hain zuzen, irudi hori ekarri nahi dugu taldera. Euskara biziberritzeko elkarrekin lana egiteko bilgunea izan nahi dugu”, adierazi zuen Urangak.

Hasiera batean proiektu txikiekin eta egingarriekin lan egiten hasiko dira; betiere euskararen komunitatea sendotu eta erabilera bultzatuko dutenak. “Zumaian euskararen erabilera sendotzen ahalegintzea da taldearen helburua”, azaldu zuen Goiriak. Horretarako, era guztietako jendea elkartu nahi dute. “Adin, lanbide, ideia, zaletasun edo pentsamendu ezberdinetako pertsonak elkartzea nahi genituzke Larrainaren inguruan”, jarraitu zuen.

Talde irekia

Larraina taldeak bi ildo nagusi izango ditu:

  • Herri mailan era guztietako hausnarketak eta kontzientziazio kanpainak egin euskara gero eta gehiago erabiltzeko, baita hizkuntza eskubideen jarraipena ere.
  • Euskaraldia bezalako ekimenak bultzatu eta bertan parte hartu.

Euskara taldearen asmoa ez da talde itxi eta zurruna izatea, eta aniztasuna bilatzen dutela ikusita, partaideen artean kezka, gai eta ardura ezberdinak izango direla aurreikusten dute. “Esaterako, batzuk arduratuta egongo dira gurasoen artean euskararen erabilera ez delako handia eta hori sustatzen laguntzea izango da erronka, beste batzuk kaleetako hizkuntza paisaiarekin kezkatuta egongo dira…”, adierazi zuten. Bide horretan, prestakuntza izango da taldearen beste lan-ildo garrantzitsu bat. Prestakuntza hori, gainera, taldeari eta herritarrei eskaintzeko asmoa dute.

Zumaian gertatzen ari diren aldaketa handien aurrean euskara sendotzearen erronkari heltzeko garaia dela uste dute Larrainakoek, eta hain zuzen, auzolanean eta elkarrekin lan egiteko gonbidapena luzatu zieten herritarrei. Gauzak horrela, lehen batzarra azaroa erdialdean egingo dute eta, bertan, partaideen kezkak eta eskuhartzeko guneak aztertu eta finkatuko dituzte.

Euskaraldiaren testuinguruan

Iaz egin zen Euskal Herrian Euskaraldia, euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa, eta Goiriak eta Urangak aitortu dutenez, testuinguru horrek bide eman du Larraina Euskara Taldea sortzeko. “Egia da lehen ere egon direla euskara taldeak herrian, baina Euskaraldiak ekarri zuen horren inguruan talde handi bat sortzea, eta indarra eman zigun gauzak antolatzeko. Euskaraldia amaitu zenean, hasitako bide hori jarraitzeko gogoa sartu zitzaigun, hau da, lantalde horri jarraipena eman behar zitzaiola iruditu zitzaigun”, kontatu zuten.

Hala, eta talde handi baten dinamika zurrunean sartu gabe, proiektu txikiak lantalde txikietan aurrera ateratzea nahi dute. “Larrainaren funtzionamenduan ez dira jende askoko bilerak egongo. Lantalde txikien aldeko apustua egin nahi dugu. Bakoitzak edo taldetxo batek bere esparruko ildo bat garatu  nahi badu, hemen izango du lekua”, adierazi zuen Ibon Manterolak.  “Herritarrak modu naturalean parte hartzea bultzatu nahi ditugu, ez dugu zerbait pisutsua izan nahi. Mugimendua izan behar du, eta bakoitzak berak duenetik eman”, jarraitu zuen Antton Peñalbak.

Bukatzeko aurten egingo den Euskaraldiari begira, hitzordu bat proposatu zuten. “Datozen asteetan Euskaraldia antolatuko duen batzordea sortuko dugu, eta azaroaren 30ean, Euskararen Nazioarteko Egunarekin lotuta, ospakizuna egingo dugu. Egun hori antolatzea izango da batzordearen lehen proiektua”.

Bitartean, Larraina Euskara Taldearekin harremanetan jarri nahi dutenek zumaia@larraina.eus helbide elektronikora idatzi dezakete.