Kauldi Odriozolak 2023 arte luzatu du Bidasoarekin duen kontratua

Baleike 2019ko urr. 25a, 14:35

Irungo taldeak gaur baieztatu du zumaiarrak beste lau denboraldiz jokatuko duela Bidasoan.

Bidasoa taldeak bere web orrian baieztatu du berria: Kauldi Odriozolak 2023 arte jarraituko du Irungo taldean. Gurutz Aginagalde taldeko presidentearekin batera sinatu du, hain zuzen, 2023ko ekainaren 30 arte kontratua.

Odriozola 2015/2016 denboraldian iritsi zen Irunera Pulpo Eskubaloi taldetik, eta urte hartan bertan bigarren mailatik Asobal ligara igotzea lortu zuten. Horrez gain, jokalari moduan, Asobal Ligako hasiberri onena izan zen 2016/2017 denboraldian eta Eskuin Hegal Onena azken bi urtetan. 84 neurketa jokatu ditu lehen mailan, eta 336 gol sartu ditu. Aurten, 22 gol egin ditu ligako bost partidatan, eta VELUX EHF Champions Leaguen, 17 gol sartu ditu lau partidatan.

Bidasoak sare sozialetan igo duen bideo batean pozik agertu da Odriozola: "Bi aldeak iritsi nahi genuen puntura iritsi gara. Jarraitzeko gogo asko nituen. Irunen oso gustura nago. Klubaren eboluzioa oso handia izan da, eta orain daukagun proiektua oso interesgarria da".