Zumaiako 11 puntista gaztek hartuko dute parte zesta puntako Udazken Sarian

Argazkia: @gipuzkoapilota

Zesta puntako Udazken Saria jokatuko dute asteburu honetatik aurrera Gipuzkoako alebin eta infantil mailako puntistek. Zumaiako klubeko 11 jokalarik hartuko dute parte txapelketa honetan. Aitzuri frontoiak ligaxkako bi jardunaldi hartuko ditu.

Aurreko edizioetan bezala, aurten ere norbera ordezkatuz ariko dira pilotariak, nahiz eta izena klubaren bidez eman. Bikoteka jokatuko dute, baina bikoteak desberdinak izango dira jardunaldiro, eta puntuazioa pilotari bakoitzari egokituko zaio, ez bikoteari. Antolatzaileen esanetan, klub desberdinetako pilotariak nahastu nahi ditu txapelketa honek, denak denen aurka, eta elkarrekin jokatzeko aukera emanez, hartara maila orekatzen laguntzeko eta lehia bereziagoa egiteko.

Iaz hasitako bideari jarraituz, aurten ere hainbat multzotan banatu dituzte parte-hartzaileak: alebinak A maila, infantilak A maila, eta alebinak eta infantilak B maila. Alebin eta infantil A mailan, adibidez, kiniela sistemaz jokatuko dute, 12 tantora. Eta alebin eta infantil B mailan, berriz, partida sistemaz, 25 tantora. Kasu guztietan, hori bai, bikoteak zozketaz osatuko dituzte.

Beotibar, Danok Bat, Donostia Jai Alai, Gazteleku, Hondarribia eta Zumaia klubetako pilotariek hartuko dute parte aurtengo txapelketan. Zumaiari dagokionez, 11 puntistak hartuko dute parte txapelketan. Alebin A mailan Etxabe, Galarraga, Silbeti, F. Watkins eta M. Watkins aurrelariak arituko dira; infantil A mailan, Garikano aurrelaria; Alebin B mailan Luengo eta Urbistondo aurrelariak, eta Aldai eta Manterola atzelariak; eta Infantil B mailan Mardaras atzelaria. 

Ligaxka azaroaren 24ra arte jokatuko dute. Zumaiako Aitzuri frontoian bi jardunaldi izango dira: azaroaren 10ean alebin B eta infantil B mailetakoa, eta azaroaren 24an alebin A eta infantil A mailetakoa. Finalerdiak non jokatuko diren oraindik erabaki gabe dago. Final guztiak abenduaren 15eko asteburuan jokatuko dituzte, Tolosan.