Jon Maia: "Bertsotan egitea etxera itzultzea bezalakoa da niretzat"

Baleike 2019ko urr. 26a, 09:00

Ziur dago Jon Maia (Urretxu, 1972) azken Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa izango dela aurtengoa beretzat. Gaur kantatuko du Eibarko final-laurdenean, Felix Zubia, Gorka Maiz, Unai Muñoa, Jokin Uranga eta Mikel Tapiarekin batera. 17:00etan hasiko da saioa, Coliseo antzokian.

Zenbatgarren txapelketa da zuretzat?

Ez dakit. Asko izan dira eta galduta daukat kontua. Dakidana da duela 35 urte izan zela nire lehen eskolartekoa, eta harrezkero ibili naizela txapelketaz txapelketa.

Larunbat honetan abestuko duzu zuk, baina beste bertsolari batzuk aspalditik daude murgildurik txapelketan. Nola daramazu beranduago sartze hori?

Saiatu naiz aurtengo txapelketan gehiegi ez sartzen, nolabait esatearren. Beraz, zentzu horretan nahikoa fresko noa. Aurten erabaki dut txapelketa distantzia batetik bizitzea eta nire buruari ardura handirik ez ematea. Beharbada beste urte batzuetan askoz lehenagotik burua jarri izan dut txapelketan, prestakuntzan eta abar, baina aurtengo nire erabakia beste bat izan da. Ez dut nahi sentitu txapelketa balitz bezala, oposaketa batzuetara joango banintz bezala. Zentzu horretan dezenteko lasaitasunarekin noa, ez naizelako oraingo giroan gehiegi sartu. 

Erabaki hori hartzerakoan zerikusia izan al dute aurreko esperientziek?

Txapelketa batzuetan bai sentitu izan dut presioa. Gipuzkoako azken txapelketan zerotik hasi behar izan nuen eta gero Euskal Herrikoan, finalaren atarian geratu nintzen, 9. postuan. Hori neketsua izan zen niretzat. Oso bide eta aldapa luzeak izan ditut eta psikologikoki esfortzu handiak egin ditut. Oraingoan, ordea, erabaki dut kontrakoa izatea. Gainera, ez diot inolako beldurrik emaitzari; nire bizitzaren momentu honetan horrela sentitzen dut txapelketa. Prozesu luze horiek ez nituen errepikatu nahi eta ez nuen nahi sufritu. Badakit nire azken txapelketak direla hauek. Gipuzkoakoa ziur azkena izango dela, eta Euskal Herrikora klasifikatuko banintz ere hala izango litzateke. Klasifikatuko banintz, ez nuke nahiko horrek sufrimendurik suposatzerik. Beraz, aldatu egin dut txapelketari aurre egiteko modua eta egia esan, orain arteko kezka eta presioak kenduta bakarrik, asko irabazi dut dagoeneko. Ez diot inolako helbururik jarri nire buruari, ahal dudan gehien gozatzea bakarrik.

Ez dira asko izango emaitzak axola ez dienik esan dezaketen bertsolariak.

Denoi inporta zaigu azkenean emaitza. Nik ere nahiago nuke emaitza on bat izango banu, zalantzarik gabe. Baina beti gertatu zait, denborarekin, txapelketatik txapelketara, azkenaldian gehiago oraindik, nire jarduerak asko dibertsifikatu direla. Nik egiten ditudan gauzen abanikoa asko zabaldu da eta nire sorkuntzan beste diziplina batzuk ere leku handia hartzen ari dira. Esaterako abestea, Hezurbeltzak taldea, dokumentalak egitea, kantuen letrak egitea, immigrazioaren inguruko proiektuak, antzerkiko gidoiak... Hortaz, nire sorkuntza bide askotatik agertu dezakedala sentitzen dut.

Txapelketa apustu baten moduan sentitzen nuen, zenbaki bakarrera egiten duzun apustu bat, eta huts egiten baduzu, akabo. Orain ez dut horrela sentitzen. Ulertu dut denborarekin nik egin nahi dudana dela gizarteari ekarpen bat egitea, eragitea, nire pentsamenduak eta nire ideiak plazaratzea eta mundua aldatzen saiatzea. Hori guztia, ahal dela, egiten dudana eginez gozatuz. Horrek formatu asko hartu ditu nigan. Bertsoa beti izango dut kuttunena, bertsotan egitea etxera itzultzea bezalakoa delako niretzat. Baina etxetik kanpo ateratzen naiz eta beste hainbat etxe eta leku aurkitzen ditut. Horrek laguntzen dit erlatibizatzen txapelketa eta emaitzak. Azkenean niretzat bertsoa tresna bat da, egin nahi dudan horren zerbitzura dagoena.

Dena den, saioa gainean egonik harren bat edo beste sortuko zitzaizun sabelean.

Bai, hori egia da. Azkenean umetatik badakigu zer den txapelketa eta umetan sartutako har hori hor dago. Txapelketa hurbiltzen den aldiro esnatu egiten da. Aurten betetzen ditut 35 urte nire lehenengo txapelketatik, eskolarteko lehen txapelketa jokatu nuenetik. Badakit zer den, eta nahiz eta esan dudan hau guztia esan, txapelketako bezperetan har hori martxan edukitzen duzu. Txapelketako data hurbildu ahala gero eta gehiago ari naiz lanketa egiten nire koadernoarekin, bertso eskolan elkartzen eta halakoak. Presiorik eta obligaziorik ez izateak ez du esan nahi ez dudanik ondo egin nahi edo ez dudanik nahi emaitza on bat. Jokora ateratzen naizen momentutik nahi dut emaitza ahalik eta onena lortu, hori hala da. Baina tira, ez bada horrela, ez dut gehiegi sufrituko. 

Zer dauka txapelketak urtez urte izena ematen jarraitzeko?

Niri ez zait asko geratzen txapelketetan, baina uztea garai bat ixtearen modukoa iruditzen zait. Kasu honetan zalantza handiak izan nituen izena eman edo ez. Ez neukanez batere garbi, izena eman nuen. Ez banu izenik emango etzatekeen atzera bueltarik egongo eta betirako utziko nukeen. Horrek inpresio handia egiten dit. Ni beti izan naiz txapelketa zalea eta ez dut uste inoiz nire onena eman dudanik. Nahiz lortu izan ditudan emaitza onak, beti daukat esperantza edo sentsazioa hobeto egin dezakedala. Ezin nuen besterik gabe utzi, eta horregatik eman dut izena. Txapelketak behartzen nau bertsotan zentratzera. Egia da urduri jartzen naizela eta gauza denak ez zaizkidala gustatzen, baina bai, zerbait oso nirea bezala sentitzen dut. Beharbada da ez dudalako zahartu nahi, nire burua engainatzen ari naiz. 

Bertsozaleen artean ere eragin handia dauka txapelketak. 

Bai, bertsozalegoan eragina dauka. Zaleek asko jarraitzen dute txapelketa. Horietatik aparte, ordea, jendeak ez daki txapelketa dagoenik ere. Ni horretaz konturatzen naiz kanpotik begiratuz gero. Gu oso sartuta gaude hor baina kanpoko jendeak ez daki ari garenik ere, guretzat oso inportantea izanagatik. Bertsolariarentzat bai da inportantea, azkenean zure burua erakusteko modu bat delako, nahiz eta horrek ez ziurtatu gero plazetan ibiliko zarenik. Badira txapelketan oso ondo ibiltzen diren baina gero hainbeste plaza ez dituzten bertsolariak. Ez dizu ziurtatzen baina zure burua erakusteko balio duela uste dut, erakusleiho garrantzitsu bat da, bertsozaleak hor daude eta bertso saioen antolatzaileak ere bai, entzuten eta ikusten. Horrez gain, euskararen indargune garrantzitsu bat dela uste dut.