Gabonetako ekitaldietan laguntzeko lan talde handi baten beharra dago

Baleike 2019ko urr. 23a, 17:44

Jaiotza, erregeentzat karta-jasotzea eta kabalgatak osatuko dute aurtengo Gabonetako egitaraua. Lan guztiak Kultura eta Turismo Sailetako ordezkariekin batera zehaztu eta burutuko dira.

Udaleko Kultura eta Turismo Sailek Gabonetako ekitaldietan laguntzeko deialdia egin dute. Horiek aurrera eramaten herriko talde eta norbanako ugarik hartzen dute parte, baina antolaketan laguntza eskainiko duen talde handi baten beharra azpimarratu dute. Urtero moduan, honako hiru ekitaldientan beharko dute laguntza: abenduaren 24ko jaiotzan, urtarrilaren 4ko erregeen pajeekin karta-jasotzean eta urtarrilaren 5eko jaiotzan eta kabalgatan (prestaketa eta ibilbidean zehar laguntza).

Horretarako, Zumaiako herria edota bere biztanleen onurarako, kirol, kultur edo gizarte mailan, etekin ekonomiko propiorik gabe, modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren elkarteei egiten die deialdia Udaletik. Horretaz gain, elkarte horiek Udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko ordurako onartutako oinarri berak bete beharko dituzte (Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu).

Gabonetako lan guzti horiek Kultura eta Turismo Sailetako ordezkariekin batera zehaztu eta burutuko dira. Interesdunek urriaren 31 bitartean eman beharko dute izena Alondegia kultur etxean, 943 86 10 56 telefonora deituta, edo kultura@zumaia.eus helbidera mezu bat bidalita. Izen ematearen arabera taldeei bilera batera dei egingo zaie eta beharrezko azalpenak eman. Taldeen arteko zozketa bilera horretan egingo da.