Zumaian izango du aurrerantzean Delteco enpresak egoitza nagusia

Baleike 2019ko urr. 23a, 15:43

Gaur izan dute zentroaren irekiera ekitaldia, Joxe Mari Korta industriagunean. Bezeroen eskakizunei "azkar eta hobeto" erantzun nahi diete.

Eibarren ia 50 urteko jarduna izan ondoren, Zumaiara lekualdatu du Delteco enpresak egoitza nagusia. Hain zuzen ere, Joxe Mari Korta industriagunean inaguratu dute gaur mekanizazio zentro berria, 7.000 metro koadroko pabiloi batean. 

Lekualdatzea bezeroen eskakizunei azkar eta hobeto erantzuteko baliatuko dute. Bestetik, biltegiko makinak bikoiztu dituzte, formazio guneak handitzeaz gain. Irekiera ekitaldian bertan izan dira Deltecoren hornitzaile diren enpresen ordezkariak zein gonbidatuak, eta haiei hitz batzuk eskaini dizkiete enpresako zuzendari nagusi Xabier Aranbarrik eta ordezkari politikoek. 

Deltecoren historia beste enpresa batzuen historiarekin parekatu du Aranbarrik bere hitzartzean: "Familiako enpresa baten historioa da, lanaren, sakrifizioaren eta abileziaren poderioz honaino iritsi dena". Nabarmendu du hastapenetatik izan duela enpresak langile talde paregabea, eta orain ere hala dela, nahiz eta langile kopurua handitu den. "Bezeroei zerbitzatzea, abangoardia teknologikoa eta zerbitzu tekniko ezin hobea izan dira etxe honen oinarriak, eta hala izaten jarraitzen dute", azpimarratu nahi izan du Aranbarrik. Azken urteotan enpresaren hornitzaile izan diren nazioarteko enpresei ere esker hitzak eman dizkie, baita "lehendakariari eta bere taldeari" ere.

Markel Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatu Nagusiak, bere aldetik, bi ideia nagusi nabarmendu ditu: "euskal enpresariaren arima" ordezkatzen zuen Joxe Mari Korta aipatzea beharrezkotzat jo du Olanok. Aranbarri sendiari eskertza mezua igorri dio ondoren, Delteco talde osoari erronka berriaren aurrean bere animoak emateaz gain. "Herri bezala, industrian dugu guk gure etorkizuna. Defenditu beharra daukagu, eta baita balioan jarri ere". Gizartearen eraldaketarako eta gizarte orekatua eraikitzeko beharrezkoa da, Olanoren arabera. Arlo horretan, Deltecok bezala, familiako enpresek urteen poderioz "eten ez duten soka" hori goraipatu du diputatu nagusiak.

Deltecoren ibilbidean merkatuaren beharrei egokitu izana eta erantzun berriak eskaintzeko gaitasuna garrantzizkotzat jo du Iñigo Urkullu lehendakariak. Bestetik, Deltecok beste enpresa batzuekin elkarlanean aritzen dela esan du lehendakariak, "sektoreko enpresei bere bultzada emanez". Inbertsioa, aliantzak, teknologia eta pertsonak: horiek dira, Urkulluren arabera, merkatu globaleko lehiakortasunerako gakoak. 

Irekiera ekitaldiaren ondoren enpresa barrutik ikusteko aukera izan dute ordezkari politikoek, langileek zein enpresaren hornitzaileek. Hitzartzean jakinarazi dutenez, bihar eta etzi ate irekien jardunaldiak izango dira Deltecoren zentro berrian, Joxe Mari Korta industriaguneko 2. pabilioian.