Etxebizitzaren erabilera aztertzeko inkestak egingo dituzte urritik aurrera

Baleike 2019ko urr. 23a, 11:41

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak etxebizitzen erabilerari buruzko inkesta jarri du martxan. Inkestak zuzeneko elkarrizketen bidez egingo dira, urritik urtarrilera bitartean. 

Zumaiako Udaletik adierazi dutenez, ikerketaren helburua "Euskal Autonomia Erkidegoan ezohikoak diren etxebizitzen fenomenoaren garrantzia ezagutzea da. Okupatu gabe dauden etxebizitzen kopurua kalkulatu eta horien egoeraren eta ezaugarriei buruzko informazioa aztertuko dute inkestaren bidez".

Ingurumen, Lurralde eta Etxebizitza Sailaren esanetan, “informazio falta egon izan da etxebizitzaren erabileraren inguruan eta, era berean, gai honi buruzko polemika eta espekulazio garrantzitsuak sortu dira: ez ohiko etxebizitzen stockaren dimentsioa, horren ezaugarriak, administrazioak esku hartzeko aukerak eta abar”.

Elkarrizketa hauen bidez, honako informazioa lortu nahi dute: etxebizitzaren egoera, errolda egoera, etxebizitzaren titulartasuna, etab.

Inkestatzaileak etxebizitzetara joan baino lehen, atarian gutun ofizialak jarriko dituzte, edo, posible ez bada, inkestatzaileak gutun ofiziala eramango du berekin. Gutun horrek jakinaraziko dio herritarrari estatistika-eragiketa ofizial baterako dela eta elkarrizketagile baimendu batek bisita egingo diola.

Inkesta honetarako informatzaileak, printzipioz, ikertuko den eraikinean edo etxebizitzan bizi diren egoiliarrak izango dira. Halakorik ez dagoenean, edo egoiliarrak aurkitzea ezinezkoa denean, beste informatzaile batzuk ere onartuko dira, esaterako, auzotar hurbilenak, postariak, udaltzainak, udaleko funtzionarioak, etab.

Oinarrizko informazioa eskatuko dio herritarrari: jabeen erkidegoko etxebizitzak edo lokalak okupaturik ote dauden eta, kasuaren arabera, etxebizitzen eta lokalen egitura-ezaugarri batzuk. Inkesta gehienek 10 minutu baino gutxiago iraungo dute.

Inkestari buruzko informazio guztia, baita aurrekoetan lortutako emaitzak ere, Internet bidez eskura daitezke, helbide honetan