Txikitasunean Handi Eguna ospatuko dute larunbatean Arroa Behean

Baleike 2019ko urr. 22a, 18:10
Iazko KorrikaƱan parte hartu zuten zenbait korrikalari/Urola Kostako Hitza

Iaz egin zuten moduan, aurten ere, Korrikaña egingo dute beste ekintzen artean.

Arroa Beheko Festa Batzordeak antolatuta, larunbatean, hilaren 26an, Txikitasunean Handi Eguna ospatuko dute Arroa Behean. Ospakizunekin goizean goiz hasiko dira auzotarrak. Hala, 08:30ean Arruabira eta MTB irteerak izango dira. Arruabira egin nahi dutenek bi irteeren artean aukeratu beharko dute: luzea eta laburra. Ibilbide luzea egiten dutenek 08:30ean izango dute irteera plazan eta guztira 14 kilometro egin beharko dituzte. Hau izango da bisitatuko dituzten lekuak: Mardu, Urain gaina, Olaberri, Arroa Goia, Ibañarrieta, San Lorente, Agote eta Arroa Behea. Laburra egin nahi dutenek, berriz, 10:00etan ekingo diote mendi bueltari eta 5,7 kilometro egingo dituzte ibilbide hau osatuz: Arroako plaza, San Lorente, Agote, Arroa Behea. Parte hartzaileek hamaiketakoa izango dute amaieran Ederki elkartean. Helduek 5 euro eta haurrek 3 euro ordaindu beharko dute. MTB irteeran parte hartu nahi dutenak, aldiz, plazan izango dute hitzordua 08:30ean eta 37 kilometroko ibilbidea egingo dute Arroan hasita Pagoetaraino joan eta itzulian.

Arratsaldean ere izango da kirolerako aukera, izan ere, 17:00etan haurren Korrikola lasterketa egingo da. Izen eman nahi dutenek 16:30ak arte izango dute aukera. Ondoren, Korrikañaren bigarren edizioa egingo da, eta haurren kasuan bezala, ordu erdi lehenagora arte egongo da izen emateko aukera. Parte hartzaileek Arroa Beheko herriguneari bost itzuli eman beharko dizkiote; guztira, 4,5 kilometroko bidea egingo dute, eta buelta bakoitzeko garagardo bana edan beharko du lehiakide bakoitzak. Festa batzordeak adierazi duenez, 18 urtetik gorako herritarrek soilik parte hartu ahal izango dute lasterketan.

Egunarekin amaitzeko, afaria egingo dute Ederki elkartean, 21:30ean hasita. Izen emateko azken eguna ostirala izango da, eta interesatuek Txomin tabernan eman beharko dute izena.