Aholkusex zerbitzuaren zuzeneko arreta saioa izango da ostegunean

Baleike 2019ko urr. 22a, 14:36

Aholkusex, sexualitatearen inguruko aholkularitza saioa egingo da ostegun honetan. Azaroaren 28an eta abenduaren 19an ere zuzeneko arreta saioak egingo dituzte. Brankan izango dira saioak, 18:00etatik 20:00etara.

Zerbitzuaren helburua harreman osasuntsuak eraikitzeko giltzarriak eskaintzea da, sexualitatearen, parekidetasunaren eta harremanen inguruan sor daitezkeen kezka desberdinen inguruan hausnartu eta erantzuna emanez.

Aholkusex zerbitzuaren bitartez gai desberdinak jorratuko dira, hala nola, identitate eta orientazio sexuala, bikote harremanak, elkarbizitza, intimitatea edota zeloak, baita zailtasun sexualarekin edo nerabeen heziketarekin zerikusia duten gaiak ere. Horietaz harago, herritarrek azaldutako beste edozein galderen inguruan ere aholkua eskainiko da. Zerbitzua doakoa, konfidentziala eta feminista da.

Aurrez aurreko arretaz gain, herritarrek sexologiazumaiakoudala@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 605 748 579 telefonora deitu ahal izango dute haien kezken inguruko aholku eta ekarpenak jasotzeko.