Maddi Gallastegi: "Emakumeen askapena jendarte osoa askatzeko bidea da"

Maria Maya Manterola 2019ko urr. 22a, 13:30
Argazkia: Maria Maya Manterola.

Kurdistango emakumeen mugimenduak antolatutako brigada feministan izan da aurten Maddi Gallastegi. “Emakumeak iraultzaren abangoardia diren lurralde askeaz” eta han ezagututakoaz aritu zen Gallastegi urriko Baleiken. Elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Nola sortu zitzaizun Kurdistanera bidaiatzeko aukera?
Nik Kobaneko gerraren harira ezagutu nuen kurduen borroka sakonago, 2014aren bueltan. Orduan hasi nintzen Kurdistango egoerari buruzko artikuluak eta berriak irakurtzen eta gaia gertuagotik jarraitzen, bai Internet bidez, baita bertan izanak ziren lagunei esker ere. Denbora neraman Kurdistanera bidaiatu nahian, baina inoiz ez ginen nintzen serio jartzen horrekin, edo ez zitzaidan aukera errealik sortu. Otsailean Bilgune Feministako kide den lagun baten deia jaso nuen, Martxoaren 8aren harira Kurdistanera bidaiatuko zuen brigada feminista bat osatzekotan zela eta bi leku zeudela, ea animatuko ote ginen. Lan kontuak ixteko egun bat behar nuela esan eta tierra, mar y aire mugitu ostean, baiezkoa eman nion hurrengo egunean bertan. Kurdistango emakumeen mugimenduak gonbidatu zuen brigada, eta Jineolojî-ren [emakumeen zientzia bezala ezaguna] aldeko elkarteak koordinatu zuen Euskal Herritik. Euskal Herriko mugimendu feministaren parte diren hainbat eragile gonbidatu zituzten, eta guztira sei emakumez osatu zen brigada, Bilgune Feministak gonbidatu ninduen ni. Hilabete eskas izan genuen dena prestatzeko: hegaldiak, formakuntza saioak, logistika guztia… Emakumeak iraultzaren abangoardia diren lurralde askera bidaiatzeko genuen gogoa ez zitzaigun gorputzean kabitzen.

Kurdistan estaturik gabeko munduko herririk handiena dela esan ohi da. Nondik nora ibili zineten zuek?
Bai. Kurdistan bezala ezagutzen dugun lurraldea, gurearen antzera, ez da mapa inperialistetan agertzen, Persiar eta Otomandar inperioen menpe lehenik, kurduak gero Iran, Irak, Siria eta Turkiako estatuen menpe daude ia Lehen Mundu Gerra amaitu zenetik. Iraneko Estatuaren menpe dagoen zati kurduari kurdueraz Rojhelat deitzen diote, Irakeko Estatuaren parte denari Bashur (hemen autogobernu antzeko bat daukate, Masud Barzaniren agindupean), Turkiako Estatuaren menpe dagoen territorio kurdua Bakur izenez da ezaguna (hogei milioi kurdu inguru bizi dira bertan) eta Siriako Estatuaren parte den kurduen zonalde autonomoa: Rojava da. Egoera politikoa desberdina da territorio bakoitzean. Guk Bashurreko Suleimaniyah hirian lur hartu genuen, eta gure zain zeudenek ez zuten zalantzarik izan noren bila zetozen, europar bakarrak ginen aireportu hartan. Brigadako lehen eta azken gauak Suleimaniyahko etxe batean igaro genituen; gainerako egun guztiak, berriz, Rojavan. Rojava hiru kantoitan banaturik dago: Afrin, Kobane eta Cizire. Lehen, kantoi batetik bestera joateko siriar gobernuak edo Estatu Islamikoak kontrolaturiko errepideetatik igaro beharra zegoen, baina gero eta eremu gehiago liberatu ahala kantoiak hazi eta elkarren artean konektatu dira. Guk Ciziren geneukan gure kanpamendu basea, Amude izeneko herrixka batean, Qamishlo hiritik gertu. Baina brigada erdian bizpahiru egun pasatzera eraman gintuzten Kobanera eta Raqqara. Eraman gintuzten diot ez genuelako bolante bat ukitu bi astetan, taxilari partikularra geneukan, gure heval (lagun, kide kurdueraz) txoferra. Itzultzaileak, otorduak maitasun osoz prestatzen zizkigutenak... Betiko lagunak bagina bezala zaindu gintuzten hegazkinetik jaitsi eta berriz hegazkinera igo ginen arte. Afrineraino ez ginen iritsi egoera konplikatua zelako bertan, Erdoganek zonaldea inbaditzen jarraitzen zuen.

Kobaneko erresistentziaren auzoa. Atzean Turkia eta Siriaren arteko muga, harresia eta turkiar bandera.

 

Estatu Islamikoaren erasoaren ondoren, nola ari dira berreraikitzen Kobane?
Rojavako iraultza Kobanen hasi zen, 2012ko uztailaren 19an. Kurduek Al Assaden gobernuaren eraikinak hutsarazi zituzten, eta bandera gorri, hori eta berdeak atera zituzten nonahi. Kaleetan kurduera entzun zitekeen, eta beldurrik gabe abesten eta oihukatzen zituzten euren lemak. 2014an erasoa hasi zuenetik Estatu Islamikoak Kobane hiriko % 80 edo gehiago suntsitu zuen. Hiria ikono bihurtu zen orduan, sekulako oihartzun mediatikoa izan zuelako SDFek (Sirian Democratic Forces ingelesezko siglak), YPG Herri Defentsarako Unitateek eta YPJ Emakumeen Autodefentsa Unitateek erakutsitako indar eta ausardiak. Gure harridurarako, hiria zutik dago, auzo bat izan ezik, Turkiak eraikitako mugako harresiari ia itsatsirik dagoena. Hiriaren memoria bizirik mantentzeko ez dute harri bakar bat ere mugitu erresistentziaren auzoan, museo bizi moduan daukate. YPGko kide baten eskutik bisitatu ahal izan genuen. Bertako emakume batek kontatu zigun EIren erasoaldi betean nola senarrak esan zion seme-alabak hartu eta etxera sartzeko berehala, eta gutxienez ordubete igaro arte ez ateratzeko etxetik. Atera zenean odol putzuak eta gorpuak eta gorpuak besterik ez zituen ikusten lurrean, tartean bere senarrarena. Etxe bakanen batzuen eskeletoek zutik zirauten, tiroz josita, baina gehienak eraitsi egin zituzten. Ezkerretara begiratuta, Bakur, harresiaz bestalde, eta turkiar bandera erraldoi bat airean. YPGko lagunak kontatu zigun beraiek AK-47 [kalashnikov izenez ere ezaguna] fusilekin ari zirela borrokan, Turkiak muga ixten zieten Bakurretik Kobanera janaria zekarten kurduei, edota motor eta kamioietan Kobanetik Bakurreko ospitaleren batera zaurituak eraman nahi zituzten kide kurduei. Kurduen aldeko edozein motatako laguntza oztopatzen zuen Turkiak. Aldiz, armaz eta diruz lagundu zuen Estatu Islamikoa, zaurituak sendatzeko laguntza eskaintzen zieten, baliabide logistikoak, mugak ez zuen eragin bera batzuentzat eta besteentzat. Gerra, gainera, ez zen amaitu EIk hiritik alde egin zuenean, ohiko estrategia baita alde egin aurretik ahalik eta eremurik zabalena minatzea. Horrek esan nahi du gerora ere hildakoak asko izan direla, gu iritsi ginenerako, ordea, minak kenduak zituzten. Kurdistandik itzuli ginenetik Deir Ez Zor eta Baghouzeko eremuak liberatu dituzte milizia kurduek, EIren azken gotorlekuak Sirian, baina Turkiak eta bestelako esku ikusezin bezain boteretsuek ez diote utzi haiek elikatzeari eta nukleo berriak noiz berpiztuko alarmak piztuta dituzte. Dena den, Kobane berreraikitzea ez da lan makala izan, eraikinak altxatuko dituzu, baina animoak, herria? Familia erdia galduta, eguneroko lanean fin jarraitzen dute gehienek, eta aurtengo Newroz egunean ere (urte berri kurdua) bandera hori, gorri eta berdeak altxa dituzte Mishtenur muinoan.

Hiriaren memoria bizirik mantentzeko ez dute harri bakar bat ere mugitu erresistentziaren auzoan, museo bizi moduan daukate.

Bestelakoa izan zen Raqqan gertatu zena. Estatu Islamikoaren kalifatza fisikoa zena 2017an liberatu zuten, EIren bandera beltzak jaitsi eta YPG eta YPJren banderaz josi zuten hiria, ehunka hildako atzean utzita. Urte eta erdi geroago bisitatu ahal izan genuen guk, eta hiriak suntsituta jarraitzen zuen. EIren diktadurapean bizi izandakoak kontatu zizkiguten bertako emakumeek. Unibertsitate zaharrera eraman gintuzten, hiriko muino batean. EIk hiria hartu zuenean emakume yazidien salerosketarako merkatu bihurtu zuten. Bortxatuak, erailak, esklabo izateko erosiak, plazaren erdian buruz behera zintzilikatuak, bakartuak, umiliatuak izan ziren Raqqako emakumeak EIren erregimen faxistaren pean. Egun Raqqako emakumeen % 65 aktiboki lanean ari da Raqqako autoadministrazioaren berreraikuntzan, komunetan eta egitura politikoetan. Baina kasua bestelakoa dela nioen Kobanekoak mundu mailan izan zuen oihartzuna dela-eta gobernuz kanpoko erakundeek eta abar dirutzak inbertitu zituztelako hiriaren berreraikuntzan; Raqqakoak, berriz, ez du halako oihartzunik izan, eta oraindik hiriko bazterrek pelikula bateko eskenatokia dirudite, zoritxarrez errealak. Iltzatuta geratu zaigu emakume haiek esan zigutena, ezin zutela sinetsi gerrilla hirira iritsi zenean, lehenengo lerroa kalashnikovak eskuetan zituzten berrogei emakumez osatua zela. Bizitza loratzen ari zen, hainbeste heriotza artean.

 

PKK edo Kurdistango Langile Alderdiaren presidente Abdullah Öcalanen Konfederalismo Demokratikoak nazio askapenerako mugimenduaren lehen lerroan kokatzen ditu emakumeak.
Iraultzaren bermea dira, bai. Garrantzitsua da azpimarratzea Abdullah Öcalan (APO izenez ere ezaguna) Konfederalismo Demokratikoa ideologikoki garatu duen askapen mugimenduaren liderra izanagatik ere, sistema honen gauzatzea lan ideologiko-politiko kolektibo baten emaitza izan dela, eztabaida eta kontraesan eta hainbat korapiloren askatzetik sortua izan dena, eta etengabeko eraikuntza prozesuan dagoena eguneroko praktika politikoan. Prozesu horretan parte hartze aktiboa izan zuen eta normalean bigarren planoan geratu izan den pieza garrantzitsu bat da Sakine Cansiz, 2013an beste bi militante kurdurekin batera Parisen eraila. Konfederalismo Demokratikoa 2005ean aurkeztu zuen Öcalanek. PKK-k perspektiba marxista-leninista zurrunago batetik aritzetik eta Estatu kurduaren aldeko bidea jorratzetik, nazio-estatu sistemari kritika zorrotza egin eta demokrazia erradikalean eta autogestioan oinarritutako sistema bat garatzeari ekin zion, jendartea politizatzeko bideak eta espazioak eskaini eta emakumeak eta gazteak abangoardia diren sistema. Erlijio, etnia eta nazio desberdinetako herritarrek elkarbizitzan eraikiko dutena. Antolakuntza unitaterik txikiena komuna da, bertan erabakitzen dira zein diren oinarrizko beharrak edo auzoko beharrak, elkarbizitza arazoei nola konponbidea jarri, kanpo mehatxurik bada nola antolatu defentsa... Herritar guztiek dute loturaren bat, estuagoa edo ez hain estua, komunarekin. Gero dago herriko asanblada, eskualdekoa, kantoikoa, eta abar.. Komiteka ere antolatzen dira; ekonomia, artikultura (artea eta kultura), hezkuntza, gazteak, osasuna… Ekosozialismoaz ere ari gara, pentsaezina delako ingurumena zaindu daitekeela sistema kapitalista elikatzen jarraitzearekin batera, hau konfederalismo demokratikoaren zutabeetako bat da. Konfederalismo demokratikoa ez dute planteatzen bide bat denik afera kurdua konpontzeko soilik, Ekialde Hurbileko herri zapalduetara hedatu nahi duten sistema da, eta ausartzen ziren esatera mundu guztira hedatu beharrekoa ere badela.

Rojavan emakumeak 2004an hasi ziren etxez etxe lanean: atea jo, bertako emakumeekin te bat hartu edo bazkaldu, entzun, kezka eta ezinegonak konpartitu, elkarrekin egin zezaketenaren inguruan eztabaidatu…, inurri lanean. Hori guztia, ordea, Sakine Cansiz eta beste hainbat militante emakumek aurretik mendian, unibertsitatean eta militantzia esparru anitzetan egindako lan guztiari esker izan zen, aspaldidanik jarri zutelako mahai gainean ez dagoela herri librerik emakume librerik gabe.

Patriarkatuaren aurkako borroka gizartearen askapenaren aldeko borroka ere badela ulertzen dute?
Öcalanek zapalkuntza sozioekonomiko eta kulturalen erro historikoa Neolito Aroan sortutako generoaren araberako hierarkian kokatzen du. Emakumea “lehen kolonia” dela dio, eta Estatua, erlijio monoteistak eta kapitalismoa “matxo dominantearen” forma instituzionalizatuak. Matar al macho dominante diotenean, kurdueraz ez dakit nola esango duten, guri horrela itzuli ziguten gaztelaniara, Estatu kapitalista sustengatzen duten egitura zapaltzaile guztietatik askatu eta bestelako jendarte eredu baten aldeko borrokara lotzea esan nahi du. Ekialde Hurbileko jendarte patriarkalak eraldatu nahi dituzte.

Martxoaren 8a, Qamishlon.

 

Bere egiturak ditu emakumeen mugimenduak.
Batetik, egitura mistoetako lehendakaritzakide sistema daukagu. Rojavan, komuna txikienetik hasita Siriako ipar-ekialdeko autoadministrazioaren markoraino, lehendakaritzakide araua betetzen da, ordezkaritza kargu guztietan daude gizonezko bat eta emakumezko bat. Kuotak ere zaintzen dituzte, eta egitura misto bakoitzak paraleloki emakumeek soilik parte har dezaketen egitura propio autonomoa du.

Bestetik autodefentsa unitateak, Mala Jin edo emakumeen etxeak, akademiak, kooperatibak, tribunalak, hedabide propioak (JinTV, e.a.)… sortu dituzte. Indarkeria matxistarekin amaitzeko hainbat lege zehaztu zituzten, eta emakume arabiar, asirio, turkomano e.a. asko batu dira autodefentsa unitateetara eta KD osatzen duten egituretara.

Noiz eta nola hasi zen emakumeen mugimendua? Borroka armatuarekin batera ala geroago?
Kurduek zioten Rojavako iraultza ‘emakumeen iraultza’ bezala ezaguna den arren, emakumeen iraultzetariko bat dela eta munduko herri zapalduetako edozein altxamendu emakumeek sustengatu dutela, bai lehen lerroan egonik armak eskutan, baita armak hartuko zituzten guztien sustengu eta zaintza lanetan ere. Beste kontu bat da heroi iraultzaileak gizonak izan direla, mass mediak Angelina Jolierekin konparatzen dituen emakume kurdu gerrillariak pantailan jarri dizkigun arte, kanonikoki ederrak eta exotizatuak. Eta hori da ez dutela ezer ulertzen, edo are gehiago, ulertuta ere gerrillari jefaza hauen eta borroka honen erabilera guztiz perbertsoa egiten dutela, Angelina Jolie kurdua deitu diotenak sistema patriarkalaren aurka hartu zituelako armak, baita medio hegemoniko patriarkalen aurka ere.

Beste kontu bat da heroi iraultzaileak gizonak izan direla, mass mediak Angelina Jolierekin konparatzen dituen emakume kurdu gerrillariak pantailan jarri dizkigun arte, kanonikoki ederrak eta exotizatuak.

Emakumeak hasieratik aritu ziren lanean PKKn, baina nazio askapena zen lehentasun nagusia eta iraultza marxista askotan gertatu bezala emakumeen askapena gerorako kontutzat zeukan alderdiak, iraultza nagusiaren ostean egin beharreko iraultza txikia. Gerora ohartu ziren erratuta zeudela eta bide hori porrotera kondenatua dagoela.

PKK-k borroka armatua 1984an hasi zuen Estatu turkiarraren aurka, gerora HPG (Hêzên Parastina Gel edo Herri Defentsarako Unitateak) bihurtu zen gerrillaren bitartez. 84an emakume askok jo zuten mendira estruktura patriarkal eta feudaletatik askatzeko aukera ikusi zutelako, baina 1995. urtera arte ez zen martxan jarri emakumeen egitura propioa, emakumeen mugimendu autonomoa. 2005ean sortu zen Yekitiya Star, gerora Kongra Star izena hartu duena, emakumeen antolakunde autonomo guztien bilgunea. Emakumeen askapena jendarte osoa askatzeko bidea da.

Zer proiektu ezagutu dituzue bertan?
Kongra Starreko lagunek jaso gintuzten eta azaldu ziguten zein zen euren lana eta nola antolatzen ziren, guztira hamar komite zituzten eta ekonomia arloan, esaterako, aurrerapauso handiak ematen ari ziren emakumeen kooperatibak martxan jartzen. Martxoaren 8an Qamishloko ekitaldi festara eraman gintuzten, momentu ederra izan zen, kantuan aritu ginen elkarrekin eta dantzan… aritu baino, ikasten saiatu ginen.

Jinwar emakumeen herrixkan egun pasa egiteko aukera izan genuen. Herri hau 2017an zabaldu zuten, Mala Jin (Emakumeen Etxea) eta Kongra Starreko kideen artean garatu zuten emakumeek emakumeentzat soilik eraikiriko herri bat sortzearen ideia. Egun 22 etxe ditu, akademia, labea, eskola… Sehid edo borrokan eroritakoen emazteak, ezkontza behartuetatik ihesi doazen emakumeak, familiaren presiopean bizi nahi ez duten emakumeak, e.a. bizi dira bertan. Kontratu soziala da haien bide orria, eta bertan agertzen den printzipioetariko bat jabego pribatua deuseztatzearena da, emakume hauek Jinwarreko etxeetan behar edo nahi beste denboran bizi daitezke, baina ez da oinordekotzan inorentzat izango, eta etxea ezingo da alokatu ezta saldu ere, noski.

Unibertsitatera iritsi ginenean, flipatu genuen. Hezkuntzari garrantzi handia ematen diote, eraldaketa sozialerako ezinbesteko tresnatzat daukate. Demokrazia erradikalaren ideia unibertsitatean  nabarmen islatzen da, sistema hierarkikoaren aurkako borroka aktiboa da, ikasle eta irakasleen asanbladak egiten dituzte lehendakaritzakide sistemari jarraiki, hau da, asanbladan erabakitakoa koordinazio guneetara eramango dute bi emakumek edota gizon batek eta emakume batek, ordezkari emakumea hautatuko du emakumeen egitura autonomoak, eta beto eskubidea ere izango du. Tekmila praktikan jartzen dute ikasgai guztietan, autoezagutzarako eta talde kohesioa sendotzeko; kritika eta autokritika saio eraikitzaileak izaten dira, eta ohikoak izan ohi dira mugimendu kurduan. Unibertsitatea doakoa da ikasle guztientzat, eta denek dute euren hizkuntzan ikasteko eskubidea, kurduek kurdueraz, arabiarrek arabieraz, e.a.

Komuna internazionalistara bisita labur bat egin genuen militante internazionalistekin te bat hartu eta berriketan aritzeko, Jineolojî-ren inguruan hitz egin ziguten batez ere. 2008 inguruan hasi ziren honekin, eta emakumeen zientzia bezala ere ezaguna da. Zientzia positibistei kritika egiten dio, eta begirada maskulinotik aldenduta eta emakume kurduen esperientzietatik abiatuta, historia, filosofia… berrinterpretatzen ari dira, era kolektiboan eta ez espazio akademikoetan soilik, herrian, auzoan, komunan. Paradigma teoriko bat eta aldi berean metodo bat izan nahi du, hainbat galderari modu kolektiboan erantzuteko metodoa.

Rojavatik atera aurreko azken egunean borrokan eroritako militante internazionalisten omenaldira eraman gintuzten, Deriken. Anna Campbell ‘Hêlîn’ britaniarra eta Alina Sanchez ‘Lêgerîn’ argentinarra omendu zituzten bertan. Anna Afrinen erail zuten, Alina kotxe istripuz hil zen Hasseken. Oso momentu berezia izan zen. Gerora Donostian ‘Comandante Arian’ pelikularen zuzendariarekin egoteko aukera izan genuen, kataluniarra bera, berriketan ari ginela kasualitatez konturatu ginen bera ere omenaldi hartan egon zela…

Kongra Star taldeko hevalekin bazkaltzen, Deriken.
 

Nola antolatzen dira Emakumeen Autodefentsa Unitateak?
Hiru betebehar nagusi dituzte; herria babestea, emakumeen askapena eta jendarte aske baten eraikuntza. YPJko kideek argi zuten autodefentsa unitateak indartu behar zirela, Sinjarren gertatu zena berriz ez gertatzeko. Sinjar mendietan emakume yazidi asko bizi dira, emakume yazidiak deabruaren alabak dira EIrentzat. Mehatxatu egin zieten Sinjarreko herritarrei sekulako sarraskia egitear zeudela, eta peshmergak (Barzaniren Irakeko Kurdistango unitate armatuak) ez ziren gerturatu ere egin, salduta utzi zituzten arriskuaren aurrean. SDF, YPG eta YPJko kideak joan ziren Sinjarrera korridore bat egin eta ahalik eta biztanle gehien bertatik ateratzeko. Horregatik azpimarratzen dute autodefentsa militarra beharrezkoa dela, ez estrategia inperialistak aurrera eramateko edo beste herrialde batzuk inbaditzeko, baizik eta haiena babesteko; gerra egitea tokatu zaie, bakea lortzeko, eta kide asko hil dira bidean, bizitzeko. Arrosaren teoria erabiltzen dute hori hobeto azaltzeko: arrosarik ederrenak ere arantzak ditu eta behar ditu, ez inor erasotzeko, lorea babesteko baizik.

Autodefentsa, ordea, plano ideologikoan ulertzea ezinbestekoa da, Sinjarreko yazidiak salduta utzi zituzten peshmergek ez zuten konbikzio politikorik, begiak zabaltzeko saiakerarik egin ezean itsu egotea normala dela usteko dugu, eta zapalkuntzak betikotu inolako galderarik planteatu gabe ikusten eta bizi dugunaren inguruan. Emakume kurduen armarik indartsuena ez da kalashnikova, autoantolakuntza baizik, Rojavako emakumeen % 90  egitura zibiletan dabil lanean.

Zer irakaspen jaso zenituzten kurduengandik?
Kurduek dioten modura: berxwedana jiyane. Erresistentzia bizitza da. Tatuatzeko moduko esaldia iruditu zitzaigun baina azkenean ez genuen egin. Beharra eta borondate politikoa biak baldin badaude, ez dagoela aitzakiarik iraultza erradikalak martxan jartzeko. Beharra, noski, sektorerik zaurgarrienek bisibilizatuko dute, borondate politikorik baldin badago sektore horiek erdigunean jartzeko, eta estrategia integral eta eraginkorrak diseinatzeko. Kurdistan munstro inperialista guztien begi puntuan dago Ekialde Hurbila birkonfiguratzeko zonalde estrategikoa delako, eta barnera begiratzen badugu, egitura patriarkalak eta feudalak guztiz errotuta zituen jendarte batez ari gara, baina erresistentzian bizi dira, kontraesanak kontraesan garaipena marrazten eta gorpuzten dabiltzalako, egunero.

Geleke spass, eskerrik asko.

Jin jiyan, azadi.