Bigarren brontzezko domina irabazi du Irati Osak munduko txapelketan

Baleike 2019ko urr. 20a, 09:56
Argazkia: Haize Galarraga

Irati Osa piraguista zumaiarrak ez du erraz ahaztuko asteburu honetan Txinan jokatzen ari diren maratoiko Munduko txapelketa. Ostiralean brontzezko domina irabazi zuen bakarkako lanean, 23 urtez azpikoen mailan; gaur bigarren brontzezko domina erdietsi du, maila absolutoan, K2an.

Arantza Toledo Cuencako piraguistarekin osatu du Iratik ontzia. Txinako 11:15ean jokatu dute proba, hemen goizaldeko 5:15ak zirela. Aurretik 25,9 kilometroko estropada zuten parte hartzaileek.

Iratik eta Arantzak sekulako estropada egin dute. Txapelketa irabazi duen Hungariako ontziak eta Espainiako selekzioko bi piraguek aurrea hartu dute lehen minutuetatik. Lehen sei partzialetan denbora berdinean igaro dira hiru ontziak; segundo bat edo biko aldea besterik ez da izan beraien artean, eta azkenekoan bakarrik egin diete ihes beste bi ontziek Osari eta Toledori. Amaieran, bi ordu inguru iraun duen proban, minutu erdiko aldea besterik ez da izan irabazleen eta hirugarren egin duten zumaiarraren eta Gaztela-Mantxakoaren artean. 

Irabazleak Zsofia Czellai-Voros eta Renata Csay hungariarrak izan dira, 1:56:30,22 denborarekin. Bigarren Espainiako Tania Fernandez eta Tania Alvarez izan dira, irabazleekiko hiru segundora (1:56:33,99), eta hirugarren Irati Osa eta Arantza Toledo, 1:56:56,72 denborarekin. 

Erlazionatuak