GUTUNA. Igandeko bidegorriaren aldeko martxan parte hartuko dugu

IƱaki Ostolaza eta Mikel Arregi 2019ko urr. 19a, 12:11

Bidegorriaren Aldeko Taldeak deituta, Arroako bidegorriaren aldeko martxa egingo dute igandean, eta horren harira, honako gutun hau igorri dute Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan, 2011-2015 agintaldian, 2013ko ekainaren 5ean zehazki, talde politiko guztien babesarekin onartu zen Gipuzkoako bidegorri sarea garatzeko plana. Plan horrek urtero bederatzi milioi euroko inbertsioa egitea aurreikusten zuen.

2015ean aldundiko gobernua aldatu ostetik, aurreikusitako inbertsioa ez da bi milioi eurotara iritsi, eta aipatutako bidegorri sarea gauzatzeko aurreikusitako kopuru ekonomikoa ez da urte bakar batean ere erabili.

Gure ustez, hori izan da gure eskualdean hain beharrezkoa den Iraeta eta Narrondo arteko lotura egin gabe egotearen arrazoi nagusia. Denok jabetuta gaude herritarren ongizatean azpiegitura horrek zer nolako garrantzia daukan, horretarako ezinbestekoa baita garraiobide jasangarriak eta ingurumenarekiko errespetagarriak diren azpiegiturak bultzatzea.

Urolako Bide Berdea amaitzea aisialdirako eta turismoarentzako ere baliagarria izango da, Urola bailarako herriak era jasangarri batean lotuz, kostako geoparkea eta Aizkorri Aratz parkeak ibilbide berdeak lotuta utziko lituzke, eta horrek Gipuzkoa ere hobetu egingo luke.

Horregatik guztiagatik, Zestoa eta Zumaiako udal gobernuetako kideok bat egiten dugu igande honetarako Bidegorriaren Aldeko Taldeak egindako deialdiarekin. Haien lanari esker, bidegorriaren aldeko aldarrikapena bizirik izan da, eta ordezkatzen ditugun erakundeei ere aldarrikapenarekin bat egitea dagokie. Beraz, igandeko martxan parte hartuko dugu, urteotan aurrera eraman duten borrokari aitortza egiteko eta haien aldarrikapena gure egiten dugulako.

Gutun hau sinatzen dugunok, pasa den ekainetik Zumaia eta Zestoako alkateak gara, eta aitortu beharra daukagu, iragan hilabeteetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailarekin izan ditugun harremanak baikorrak izan direla. Ondorioz, Gipuzkoako Foru Aldundiak publikoki iragarri duena ahalik eta eperik laburrenean gauzatua izan dadin, gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen dugu.