Langileek ere bat egin dute Kataluniarekin

Baleike 2019ko urr. 18a, 14:34

Zumaiako GKN eta Siemens enpresetako (lehen, Guascor) langile batzuk elkarretaratzea egin dute lantegi aurrean.

ELA, LAB, Esteilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuak deituta, Zumaiako GKN eta Oikiako Siemens plantetako hainbat langilek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian. Kataluniako eta Altsasuko gazteen auzia salatzeko egin dute kontzentrazioa.

LAB sindikatuak adierazi duenez, "Kataluniako herriaren alde mobilizatu gara, Espainiako Estatuaren izaera antidemokratikoa agerian uzten duen epaia salatzeko. Estatuaren izaera antidemokratikoa oso ondo ezagutzen dugu Euskal Herrian, eta horregatik ez dugu aukera hau galdu Altsasuko gazteei gure elkartasuna adierazteko". Elkartasuna adieraztearekin batera, aurrera egingo diren ekimenetan parte hartzera deitu ditu herritarrak. "Eman diezaiogun benetako babesa eta bultzada Kataluniako herriari, haien borroka hauspotuz, gureak ere bultzada berria izan dezan".