Irati Osa: “Amets bat bete dut”

Baleike 2019ko urr. 18a, 11:06
Argazkia: Haize Galarraga.

Txinako Shaoxing hirian dagoen Didang lakuan jokatu du 23 urtez azpiko munduko txapelketa Irati Osa zumaiarrak. Brontzezko domina lortu du proban eta telefonoa hartu orduko oso pozik dagoela nabarmendu du.

Denboraldi bikaina osatzen ari da Irati Osa. Uztailean Europako txapelketan zilarrezko domina lortu ostean, brontzezkoa eskuratu berri du Txinan. Espainiako selekzioari dagokionez, azken urteetan nazioarteko probetan dominak lortu dituen lehenengo emakumea da. “Nire amets bat bete dut, eta oso pozik nago”, adierazi du.

Txinako 10:30ean (hemengo 04:30ak) ekin dio maratoiari Osak. Haizea izan du aurkari indartsuena hasieratik, eta kalterako eragin dio. “Azkenean ez dut indar askorik, eta ez naiz oso neska handia, orduan, haizea aurka izatea ez da mesedegarria izan”, esan du. Proba hasi orduko bosteko talde bat jarri da buruan, Osa barne. “Ondo kolokatuta nindoan taldean, eta lehenengo porteoaren ondoren, lau gelditu gara”, jarraitu du. Bigarren porteoan, ordea, ezustekoa izan du. “Oso ongi sartu naiz porteoa egitera, baina Norvegiako neskak molestatu egin nau eta piraguak ihes egin dit. Ondorioz, gelditu egin behar izan dut”, kontatu du.

Istripu hori ongi aprobetxatu du azkenean garaile izan den hungariarrak, izan ere porteaoren ondoren txapelketako burua hartu du. “Lau gindoazen buruan, eta porteo horren ondoren, hungariarrak ihes egin digu, beste hungariarra atzean gelditu da eta norvegiarra eta ni batera atera gara”, esan du.

Amaierarako, ordea, oraindik proba erdia falta zen. Lehenengoarekiko distantzia mantentzen joan dira Osa eta  Sletsjoee norvegiarra, baina azken txanpan aldea handitu egin du Katona hungariarrak eta urrezko domina eskuratu du 1:49:53,66 denborarekin. “Haizea oraindik indartsu zegoen, eta bukaerarako besoak oso nekatuta nituen. Azkeneko buelta txikian Sletsjoee gehiago izan da, eta bigarren amaitu du”, adierazi du. Norvegiarrak 1:51:15,13an gelditu du kronoa. Osak, berriz, 1:51:30,55 denbora egin du.

Emaitzarekin gustura izan arren, pena pixka batekin dagoela ere aitortu du. “Bigarren porteoaren ondoren, hungariarrarekin joateko gai nintzela uste dut. Europako txapelketan ere sprintean irabazi zidan. Ziur aski bera ni baino gehiago izango zen amaieran, baina pena eman dit porteoan gertatu denak”.

Igandean K2an

Hemendik bi egunera, berriz, K2ko proba izango du Arantza Toledo Gaztela-Mantxako piraguistarekin bikoa osatuta. Maila absolutuan lehiatuko dira, 23 urtez azpikorik ez dagoelako K2an.

Probako gazteenak izango dira biak, adinez 23 urte baino gutxiago dituztelako. Txinako 11:15ean (Hemen 05:15ean) hasiko dute proba leku berean eta 27 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute. “Nazioarteko txapelketa batean lehenengo aldiz hartuko dugu parte elkarrekin. Tripulazio berria eta gaztea da. Etorkizunera begira osatutako K2a da, ondo ari gara moldatzen. Probari begira ez daukagu erreferentzia askorik. Badakigu ongi ibiltzeko aukerak ditugula, baina ea zer gertatzen den”.

Bitartean selekzioarekin kontzentratuta jarraituko du Osak. “Entrenatu eta deskantsatu egiten dugu egunean zehar. Turismoa egiteko denbora ere ez daukagu, baina oso esperientzia ona izaten ari da”, nabarmendu du.