Brontzezko domina irabazi du Irati Osak munduko txapelketan

Baleike 2019ko urr. 18a, 08:33
Argazkia: Haize Galarraga

Irati Osa piraguista zumaiarrak brontzezko domina irabazi du gaur goizaldean Txinako Shaoxing hirian jokatzen ari diren piraguismo Munduko maratoi txapelketan. 

Emakumezkoen 23 urtez azpikoen proban hartu du parte zumaiar gazteak. Txinako 10:30ean (hemengo 04:30ak) jokatu dute proba, eta 22,10 kilometroko distantzia bete behar izan dute piraguistek. 

Itxas Gaineko kirolaria hirugarren postuan heldu da helmugara, estropada bikain bat egin ondoren. 1:51:30,55 denbora egin du Irati Osak brontzezko domina irabazteko. Irabazlea Lili Katona hungariarra izan da, 1:49:53,66 denborarekin, eta bigarren Anna Sletsjoee norvegiarra, 1:51:15,13 denborarekin.

Iratik beste proba batean ere hartu du parte Txinan, binakakoan, hain zuzen ere, maila absolutoan, Arantza Toledo Gaztela-Mantxako piraguistarekin bikoa osatuta. 

Egunean zehar saiatuko gara Iratirekin harremanetan jartzen bere hitzak jasotzeko.