Bangladeshen joskintza tailer sozial bat egiteko 'crowdfunding' kanpaina abiatu du Bask arropa markak

Baleike 2019ko urr. 17a, 12:47
Argazkia: Bask.

Jon Kareaga aktibista da proiektu honen bultzatzaileetako bat. 12 egunetan bukatuko da diru laguntzak emateko aukera.

Jon Kareagak eta beste lagun batzuk aurrera eramaten duten Bask arropa markak crowdfunding kanpaina abiatu du. Horren bitartez, Bangladeshen dagoen Dhaka hirian joskintza tailer bat sortzeko helburua dute.

Kareaga Asiako hainbat herrialdetan ibili da arropa marka handien produkzio modua ikusten, eta horri esker, Made in, made for dokumentala aurkeztu zuen duela hilabete batzuk. Arropa marka horiek sortzen duten lanpostuen inguruko arazo sozialak eta bertako biztanleen lan baldintzak salatzea da bere helburuetako bat. 

Kanpaina honen bitartez, Bask arropa markak joskintza tailer sozial bat egitea du xede, eta donazio bidez, proiektua aurrera ateratzeko diru poltsa osatu nahi dute. Gutxieneko dirua 10.700 euro dira, eta dagoeneko 9.000 euro baino gehiago lortu dituzte. Ideiarekin bat egin eta diru laguntza eman nahi dutenek oraindik garaiz dabiltza, 12 egun barru bukatuko baita horretarako epea. Informazio guztia esteka honetan.