Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak igandeko martxan parte hartzera animatu ditu herritarrak

Urola Kostako Hitza 2019ko urr. 15a, 20:29

Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak deituta, Iraetatik Narrondora doan bidegorri zatia amaitzea eskatzeko martxa egingo dute igandean. Herritarrei parte hartzeko deia egiteko, bideoa kaleratu dute taldeko kideek.

“Etxera bueltan autoren batek zapalduko ote gaituen beldur ez izateko; eskolara, lanera, erosketak egitera nahiz hondartzara bizikletaz edo oinez joan ahal izateko; gutxiago kutsatzeko; autoaren menpe bizi beharrik ez izateko; eta azken batean, herritarron bizi kalitatea hobetuko duelako”. Horregatik guztiagatik, bidegorria amaitzea eskatuko dute beste behin datorren igandean, Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak deitutako martxaren bidez.

11:30ean aterako dira Zestoatik eta Zumaiatik martxa osatuko duten bi zutabeak; Zestoakoa aurten Gurutzetik aterako dela nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek, eta ez Lasaotik, “Lasao-Zestoa arazoari konponbidea eman zaiolako”. 12:00etan pasatuko dira Iraetatik Zestoako zutabea eta Narrondotik Zumaiakoa, eta bi zutabeek 12:30ean egingo dute bat Arroako autobideko sarrerako biribilgunean. Han ekitaldia eginda, festa giroan borobilduko dute martxa Arroa Behean, pintxoekin eta musikarekin.

Hemen irakurri daitezke Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeko kideen hitzak.