Goikoetxeak eta Lekerikak irabazi dute Madrilgo sari nagusia

Busturialdeko Hitza 2019ko urr. 15a, 08:42

Aritz Erkiaga eta Ibon Aldazabalen kontra lehiatu zuten finala herenegun, eta bi setetan erabaki zuten norgehiagoka. Partidu parekatua eta emozio bizikoa izan zen.

Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerika nagusitu dira seigarren urtez ospatu den Villa de Madrid Sari Nagusian; zestalarien egutegian egonkortzen doan txapelketa da Madrilekoa. Goikoetxeak eta Lekerikak Aritz Erkiaga eta Ibon Aldazabalen kontra lehiatu zuten finala atzo, eta bi setetan erabaki zuten norgehiagoka.

Emozio bizikoa izan zen partidua, parekatua eta frontoira gerturatutako zaleak gozarazi zituena.

Erkiagak eta Aldazabalek egin zituzten partiduko lehenengo tantoak, baina Goikoetxeak jarraian erantzun zien. Joko zuzena erabili zuen Zumaiako aurrelariak, eta norgehiagoka iraultzea lortu zuen, markagailuan 12-9koa jarriz. Erkiagak ez zuen amore eman, eta bere tantoekin puntu bakar batera hurreratu ziren. Unai Lekerikak adierazi duenez, lehenengo setaren azken uneak oso berdintsuak izan ziren: “Denbora osoan egon ginen lauzpabost tanto aurretik, eta set amaieran hurbildu egin ziren, markagailuan 10-1o jarriz. Azken tarte hori oso berdindua izan zen, baina azken bi tantoak gureak izan ziren”. Hala, 15-13koarekin irabazi zuten lehenengo txanpa txapelketako irabazleek.

Bigarren setean ere bikain hasi zen zumaiarra, eta sendo aritu zen atzean Lekerika. Erkiagak eta Aldazabalek, pelota jasotzeko arazoak izan zituzten, eta markagailuan ihes egitea lortu zuten Goikoetxeak eta Lekerikak; zazpi puntu aurretik jarri ziren. Bigarren setean ere, erantzun egin zien Erkiagak, eta tanto ikaragarriak egin zituen markagailuan hurbiltzea lortuz (14-12). Azkenean, norgehiagoka 15-12koagaz bukatu zen.