Orduan bai

Ostrak, arroketako ahogozagarriak

Imanol Azkue Ibarbia 2019ko urr. 12a, 12:01
Ostrak jateko prest. Hauek Ostrea edulis dira, besteak beste Galizian hazten dituztenak (argazkia: pixabay.com-etik hartua).

Uztailean bi lagun atxilotu zituzten Donostian, Nautikoaren azpialdean 50 kg ostra biltzeagatik lizentziarik gabe eta debekualdian. Bat baino gehiago harritu zen, gurean ere ostrak badirela jakinda, baina urrutira joan gabe, horretan ere badaukagu zer kontatua.

Ostrak molusku bibalbioak dira, hau da, gorputza alboetatik zapalduta eta bi kuskuko maskor bat daukate, babesteko. Itsasbazterrean eta errioan hazten dira, eta gizakiak propio ere hazten ditu, oso estimatuak direlako jateko. Kobazuloetako aztarnategietan maskorrak aurkitu izan dituzte, eta Erromatar Inperioaren garaian propio hazten zituzten. Baina haztegiak, batez ere, XIX. mendean garatu zituzten, aurrerapen handiak egin eta emaitza onak lortu zituztelako Frantzian, Ingalaterran, Belgikan… Horien berri izanda, Espainiako gobernuak ere bereziki bultzatu nahi izan zuen ostren eta almejen hazkuntza; horretarako, baimenak eta hazitokiak doan ematen hasi zen. Horietako bat lortu zuen, hain zuzen ere, Eusebio Gurrutxaga industrialariak, 1863an; horrela, ostra haztegiak jartzeko baimena lortu zuen Puntako haitzetik (Talaipetik) Sanmigelazpirainoko (araztegi parerainoko) tartean; baina guztiak ez zeuzkan aldeko, eta berehala aurka jarri zitzaizkion Marinelen Kofradia eta Zumaiako Udala, erabaki horrek eremu publikoa pribatizatuko zuelako, herritarrei arrantzarako edo itsaski bilketarako lekuak kenduko zizkielako eta nabigazioa oztopatuko zuelako. 1864an Isabel II.a erreginarenganaino iritsi ziren kexak eta alegazioak, baina hark arrazoi eman zion Gurrutxagari, eta haztegia eraiki zuen Arbustainen, gaur egun Errotako izkina dagoen aurrealde horretan.

Gurrutxagarekin batera, herritar gehiagok ere egin zituzten haztegiak, eta Udalak propio ere bultzatu zituen; horrela, 1867an, “acordó el Ayuntamiento que para la procreación y fomento de ostras en esta ría se suplicara a cada uno de los que se dedican a esa industria en esta jurisdicción depositar dentro de las aguas de la ría y en los sitios de más conveniencia y utilidad para aquel objeto una o dos gabarradas de piedra, y de los fondos municipales igual número de gabarradas que todos los industriales”[1]; 1868an ere antzeko zerbait erabaki zuen Udalak: “Para el fomento de la industria ostrera y procreación de este molusco se acordó que cada ostrero echase en la ría de esta villa una gabarrada de piedra, y de los fondos municipales diez y seis gabarradas”[2]; beraz, aurreko proportzioa kontuan izanik, pentsa dezakegu hamasei lagun inguru ibil zitezkeela ostrak hazten. Azkenik, urtebete geroago, 1869an, “Manifestó el Señor Presidente que ha tenido quejas de que en la ría y canal de este Puerto se extrae piedra, y según le han asegurado, algunas con ostras; y siendo en perjuicio de la propagación y multiplicación de ostras, opina que se debe prohibir la extracción de toda piedra en toda la ría de esta Villa, desde la Barra hasta el puente de Mancior [Mantzizidor, Oikian], siempre que no impida la libre navegación”[3], eta horren berri eman herritarrei “por medio del Señor Cura Párroco según costumbre, imponiendo una multa de 20 reales vellón al contraventor de esta determinación”.

Paolaldea eta Amaiako plaza ingurua betelanik egin gabe ageri dira. Azpialdean, Gurrutxagaren ostra haztegia ageri da, Arbustainen (argazkia: Zumaiako Udala).
Gurrutxagaren ostra haztegiaren planoa (argazkia: Oihana Artetxe).

Ostrak direla eta, bada beste aipamen polit bat udal aktetan, 1900ekoa. Artean Vascongados  (Euskotren) trena inauguratu gabe zegoen, baina bazebilen atzera-aurrera, probetan; Esteban Aranguren alkateak jakin zuen hurrengo egunean, 14:00etan, trenaren arduradunek Zumaiatik pasatu behar zutela Debarako bidean, eta proposatu zuen Estazioan zain egotea eta “suplicarles pongan un par de trenes diarios de Zarauz a esta [localidad] durante las fiestas Eus-karas, ya que no se podrá inaugurar la línea para esta fecha”[4]. Eskaeraren lagungarri izango zelakoan, “se les haga un presente con unas cuantas docenas de ostras y unas botellas de chacolí”.

Ostra haztegia Castropolen aurrealdean, Eo ibaiaren itsasadarrean, Asturias eta Galizia arteko mugan. Parrila batzuen gainean jartzen dituzte ostrak, zakuetan sartuta, eta aldian behin irauli, oroldirik ez itsasteko (argazkia: Javier García Mansilla, Repsol gidan).

Urte batzuk geroago, 1948an, ostrak ez, baina muskuiluak ageri zaizkigu Estatuaren Aldizkari Ofizialean (BOEn)[5]: Estatuak baimena eman zion Galo Florentino Alvarez Arteta Abasolori ur gaineko haztegiak jartzeko Urola eta Narrondo ibaietan; horretarako lau urteko epea eman bazion ere, badirudi ez zuela haztegirik jarri. Orain baino garbiago etorriko ahal zen ura garai hartan…

Joan den udan, Ondarroatik Lekeitiorako errepidetik nindoala, buia hori batzuk ikusi nituen itsasoan, txukun-txukun lerrokatuta, estropadetakoak bezala. Gero jakin nuen Eusko Jaurlaritzak inguru hori itsas haztegietarako interes eremu izendatu zuela, etorkizunean muskuiluak, ostrak eta ostarrenak hazteko, eta duela gutxi telebistan ikusi nuen, sukaldaritzako programa ugari horietako batean, nola handik muskuiluak ateratzen zituzten eta denon aurrean prestatzen.

Ostratzarrak Moilaberrian (argazkia: Imanol Azkue)
Zubitxikian ere hantxe daude, itsatsita (argazkia: Imanol Azkue).

Gurean, baten batek ikusi nahi baditu muskuiluak edo ostrak, erraz aurkituko ditu Moilan, Moilaberriaren barrenaldean, zubien euskarrietan… Gureak Crassostrea angulatak dira, ostratzarrak (gaztelaniaz “ostión” edo “ostra portuguesa”). 1990eko hamarkadan egindako azterketa batean adierazi zutenez, Zumaiako errioan, ostren biomasa 30 tona ingurukoa zen, eta pentsatzekoa da gaur egun handiagoa izango dela, barrako eta kirol portuko obrak egiteko harri gehiago ekarri zutelako. Ez izan horiek jateko tentaziorik, ordea:  bi lagun haiek ostrak hartzen atxilotu zituztenean, azkar asko esan zuten ez zirela jateko modukoak. Alde ederrekoak harraldean hazten diren ostrak, eta oker handirik gabe, oraindik ere han egongo dira, azkeneko aldiz utzi nituen tokian, baina ez dut esango non, badaezpada ere, hurrena ere han egon daitezen, ahogozagarri.

[1] Zumaiako Udal Artxiboa, 73.01, 122. or., 1867-04-28.

[2] Ibidem, 159. or., 1868-05-22.

[3] Ibidem, 225. or., 1869-09-22.

[4] Zumaiako Udal Artxiboa, 2829, 36. or., 1900-09-06.

[5] BOE, 1948-03-11n, 12an eta 13an.