Azaroaren 15era arte eskatu ahalko da alokairurako diru laguntza

Baleike 2019ko urr. 11a, 15:44

18-35 urte bitarteko gazteek eskatu dezakete laguntza. Programaren helburua da alokairu partekatua sustatu eta emantzipatzeko aukera berriak eskaintzea. Azaroaren 15era arte dago diru laguntza eskatzeko aukera.

Alokairu bekaren 2019ko deialdia aurkeztu dute Karmele Gomez Berdintasun eta Gazteria teknikariak eta Maider Alberdi zinegotziak. Programaren helburua da alokairu partekatua sustatu eta gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzea.

Azken deialdiko baldintza berdinak mantendu dituzte aurtengoan ere, baina "ahalegin berezia" egin nahi izan dute "laguntzaren inguruko informazioa ahalik eta herritar gehienei iristeko", azaldu du Alberdik. Horretarako, Zumaiako etxebizitza guztietara informazio-orri bat bidali dute. Bertan aurkitzen dira alokairu laguntza jasotzeko baldintzak eta aurkeztu beharreko dokumentuen zerrenda.

Egun alokairurako laguntzaren "onuradunak herritar gutxi" direla azaldu dute biek. Gauzak horrela, alokairuko laguntza zabaltzeko lanean dabiltzala azaldu dute. "Adin-muga ezabatzea aztertzen ari gara, eta bestelako baldintza eta eskakizunetan ere aldaketak egiteko asmoa daukagu", esan du zinegotziak. "Gure asmoa da laguntza pertsona gehiagorengana iristea eta alokairuan bizi ahal izateko erraztasunak ematea", nabarmendu dute.

Onurak

Alokairu Beka zuzenduta dago Zumaiako udalerrian ohiko egoitza izateko alokairu erregimenean etxebizitza bat duten edo 2019ko azaroaren 15a baino lehen alokairu erregimenean kontratu bat sinatzeko konpromisoa hartuko duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei.

Bekaren onuradun bakoitzak %10eko hobaria jasoko du alokairua partekatzeagatik. Alokairurako laguntzak norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza eskainiko du, gehienezko diru-laguntza 150 eurokoa izanik. Eskaera indibiduala ere egin ahal izango dute gazteek, baina kasu horretan, alokairua partekatuz gero, diru-laguntza handiagoa jasoko dute osotara. Bestalde, ikasten ari diren onuradunek hilero 10 euroko hobaria jaso ahal izango dute, baldin eta ikasketa horiek urteko 150 ordutik gorakoak badira.

Parte hartzeko baldintzak:

  • 18-35 urte bitartean izatea

  • Gutxienez bi urte Zumaian erroldatuta egotea

  • Diru sarreren muga:

    • 3000-25000 euro (bizikidetza unitatea pertsona bakarra)

    • 3000-35000 (bizikidetza unitatea pertsona bat baino gehiago)

  • Alokairu muga: 700 euro

    • Salbuespena 800 euro (3 bizikidetza unitate eta 100m²)

Aurkeztu beharreko dokumentuak:

  • Eskabidea (udaletxean edo webgunean)

  • Eskatzailearen Nortasun Agiria

  • Eskatzailearen eta bizikidetza unitatearen errolda agiria (udaletxean)

  • Alokairuaren kontratuaren kopia

  • Kontu korrontearen titulartasunaren agiria (banketxean)

  • Estatu mailan etxe bizitzaren jabe ez izatearen ziurtagiria (Azpeitiako jabetza erregistroan edo honako webgunean: registradores.org)

  • Bizikidetza unitateko kide guztien diru sarreren egiaztagiriak

  • Orokorrean, edonolako dirulaguntza jasotzea eragozten duen inolako egoeratan ez dagoela ziurtatzeko agiria (udaletxean)