2020rako ordenantza fiskalak onartu ditu Udal plenoak

Baleike 2019ko urr. 11a, 11:36

2020. urterako ordenantza fiskalen gaia aztertu zuten atzo egindako ezohiko plenoan. Udal Gobernuak aurkeztutako proposamena aho batez onartu zuten. Kirol patronaturako langile bat kontratatzeko proposamenean, berriz, eztabaida izan zen.

Datorren urterako tasak eta zergak izoztea proposatu zuen Udal Gobernuak ostegunean egindako ezohiko plenoan. Horretarako kontutan hartu dute KPIaren igoera oso txikia izango dela. Etxebizitza hutsei eta ezohikoei %50eko errekargua ezarriko zaie aurten ere. Salbuespen bat izango da, ordea: urtean 1.300 kwko elektrizitate kontsumoa frogatzen duten etxebizitzen jabeei errekargo hori kenduko zaie.

Eraikinen fatxaden obren inguruko ordenantzan ere aldaketak egitea aztertu zuten, "ordenantza horretan zehaztutakoak ez zirelako bateragarriak gai honen inguruan Foru arauak zioenarekin". Hala, Zumaiako herriarentzat interes berezikoak diren konponketak edo obrak zein diren zehaztuko dituzte. Horrela, efizientzia energetikoa dakarten obren kasuan %95eko hobaria ezartzea zehaztu zen. Kopuru bereko hobaria ezarriko zaie "ahalik eta egoera onenean egotea" helburu duten lanei, "itxura, babesa, zein kalitateari dagokionez".

Interes berezikoak jo zituzten, baita ere, baserrietako eta merkataritza txikiko obrak, biak ere, %95eko hobariarekin.

EAJk positibotzat jo zuen ordenantzen proposamena, eta bere aldeko botoa iragarri zuen. Plenoak onartu zuen ekarpen bat ere egin zuen: trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergan, familia ugariek dagokien hobaria 14 zaldietara ez mugatzea. "Izan ere, familia ugariek behar izaten dituzten ibilgailu motek, dituzten ezaugarrengatik, 14 zaldiko muga hori gainditzen dute maiz".

Bai EAJren ekarpena, eta baita ordenantzak bere osotasunean ere aho batez onartu zituen Udalbatzak, 15 botorekin.

Kirol Patronaturako beste langile bat

Eztabaida handiagoa izan zen Plenoko azken gaia aztertzerako orduan, Kirol Patronaturako beste langile bat kontratatzea aztertzen zuen gaian, hain zuzen ere. Kirol teknikaria, Fran Aizpurua, pasa den apirilean jubilatu zen, eta haren lekua estaltzeko pertsona bat kontratatuko zuen orduko Udal Gobernuak. Lan hitzarmen hori agortu da, eta lanpostua lehiaketa publiko bidez beteko du Udalak. Bitartean, lan poltsatik beteko dute lanpostu hori.

Udal Gobernutik adierazi zutenez, "postu horretarako lanpostuaren eginbeharrak eta ardurak kontutan izanda, batez ere kirol elkarteen, eskola kirolaren eta herrian antolatzen diren proba guztien koordinazioa izanda, lanpostuaren perfila aldatu egingo da, eta kirol titulazioa eskatuko da: lizentziatura edo gradua".

EAJko udal taldea eskakizun horren aurka agertu zen, Gotzon Enbil zinegotziak esandakoaren arabera, "sortu nahi den kirol teknikariaren lanpostu berria justifikatzeko Kirol Patronatuko gerenteak egindako txostenak jasotzen dituen betebeharrak, hein handi batean, gerentearen postua sortu zenean postu horri zegozkionak zirelako". "Funtzioak, beraz, bikoiztuta egongo lirateke. Gerenteari badagozkio betebehar horiek ez da beharrezkoa profil berdineko beste pertsona bat. Hau da, ez da beharrezkoa A2 mailako beste lanpostu bat erretiroa hartu duen C2 mailako langilea ordezkatzeko", gaineratu zuen.

Arritxu Iribar kiroletako zinegotziak (EH Bildu) hartu zuen hitza. Hasierako lanpostu hura Fran Aizpuruari egokitutako perfila zela azaldu zuen. "Zumaiak duen kirol aniztasuna ikusita, bi kirol zuzendari edo hiru ez lirateke gaizki etorriko. Beharrezkoa ikusten dugu perfil horretarako pertsona izatea, tituluduna".

EAJko Marikruz Alvarezen ustetan, "ez dira buru gehiago behar, lan egingo duen pertsona, baizik. Agian bi langile beharko dira, baina ez bi kirol zuzendari".

PSE-EEko bozeramaile Arritxu Marañonek ere hartu zuen hitza. Hasiera batean aldeko botoa emateko asmoa zuela esan zuen, baina entzundakoaren ondoren abstenitu egin zen. "Beste pertsona bat kontratatzea ondo ikusten dut. Ez dakit zer maila izan behar duen, baina [Patronatuko Gerenteak aurkeztutako] txostenean ardurak eta funtzioak bikoizten direla ikusten da. Beraz, zein da gerentearen eta langilearen arteko aldea?".

Proposamena EH Bilduren aldeko botoekin bakarrik onartu zen (8); EAJk kontra egin zuen (6) eta PSE-EE abstenitu egin zen.