Zumaiako partaidetza izango da gaur zabalduko duten 'Itsasotik Herrira' jaialdian

Baleike 2019ko urr. 11a, 08:55

Bigarren Itsasotik Herrira jaialdia egingo da asteburu honetan. Eskualdeko kulturaren erakusleiho izan nahi duen ekimen honetako ekitaldiak iaz eskualdea osatzen duten bost udalerrietan egin ziren; aurten, aldiz, Zarautzen zentratuko dira. Zumaiako ordezkaritza izango da jaialdian. 

Eskualdeko kultura-ondarean jiran, guztira, 20 ekimen inguru eskainiko dira Zarauzko hainbat gunetan. Urola Kostako Udal Elkartea da jaialdiaren antolatzailea, eta adierazi duenez, "eskaintza zabala izango da, diziplina anitzeko egitasmoz osatua (eskultura, artisautza, dantza, kultura-ondarea, musika, antzerkia…) eta guztiek izango dute, nabarmen, eskualdeko kutsua: batzuek, Urola Kostan urte luzez pilatutako iragan-tradizioei egingo diote keinu; beste batzuk, aldiz, gaur egungo proposamen berritzaileenekin batera, gerora begirako bide berri bat zabaltzeko asmoz eratu dira. Horietako proposamen eta ekoizpen ugari, gainera, Itsasotik Herrira jaialdirako propio sortutakoak dira. Ahalegin berezia ere egin da eskaintza herritar guztiengana bideratzeko. Eta doan izango dira haur, gazte nahiz helduei bideratutako ekimen guztiak". 

Zumaiak izango du ordezkaritza Zarautzen egingo den jaialdi honetan. Hala, Arrosategia parkean zabalduko duten 7 begirada ingurumenari erakusketan Aran Santamaria eta Ander Hormazuri artistek hartuko dute parte. Erakusketa hau gaur zabalduko dute, 17:30ean, eta bihar ere zabalik izango da goizeko 10:00etatik aurrera.

Munoan, berriz, Beduola elkartearen erakusketa izango da, gaur 17:30etik aurrera, eta bihar 10:00etan hasita.