'Pájaros de verano' pelikularekin hasiko da 2019-2020 zine forum denboraldia

Baleike 2019ko urr. 10a, 10:19

Ostarrena zine klubak gaur emango dio hasiera zine forumeko 2019-2020 denboraldiari. Hasteko, Pájaros de verano pelikula kolonbiarra emango dute. Saioa 22:00etan hasiko da Aita Mari zinean. Sarrerak 5 euro balioko du. 

Ciro Guerra zuzendariaren lana da Pájaros de verano. "Kolonbiako narkotrafikoaren hastapenak islatzen ditu filmak; 70eko hamarkadatik aurrera nazioarteko drogen trafikoa bihurtu zenaren hazia kontatzen da nolabait, Bonanza Marimbera deitu zen aldi hura. Ikusten da kapitalismoak nola funtziona dezakeen komunitate baten mikrokosmos horretan. Wayuu komunitateak hamabost urtean bizi izan zuen, hasi eta buka, beste zenbait tokitan mende eta erdi iraun zuen prozesua. Emaitza berbera da: balio tradizionalak ordezkatu egiten dira dirua tarteko dagoenean, belaunaldien arteko talkak gertatzen dira, eta komunitateak suntsitu egiten dira: gizakiak bere ingurunearekin harremana galtzen du", azaldu zuen zuzendariak berak.

Beste sei pelikula emango ditu Ostarrenak udazkeneko sasoian. Urriaren 24an Burning film korearra emango dute. Murakamiren liburu batean oinarritutako lana da hau. Azaroaren 7rako El despertar de las hormigas Costa Ricako pelikula aukeratu dute. Azaroaren 14an saio berezia izango da, eta Ridley Scotten Blade Runner klasikoa emango dute. Udazkeneko sasoian beste film korear bat ikusteko aukera ere izango da: azaroaren 21ean El hotel a orillas del río emango du Ostarrenak. Abenduaren 5ean, Margolaria pelikula emango dute, eta abenduaren 19an One cut of the dead film japoniarra.