Terraza ordenantzari buruz EAJk plazaratutako oharrari erantzun dio Udal Gobernuak

Baleike 2019ko urr. 8a, 20:56
Argazkia: Zumaiako Udala

Taberna eta jatetxeen terraza ordenantzari buruzko oharra plazaratu zuen atzo Zumaiako EAJk. Bertan, besteak beste, herritar guztiei zabaldutako parte-hartze prozesu bat abian jartzea eskatzen zuten jeltzaleek. Ohar horri erantzuna eman dio gaur Udal Gobernuak. 

Udal Gobernuak bere erantzunean adierazten duenez, tabernariak aurreko legealdi osoan aritu ziren terrazen ordenantza eguneratzeko eskatzen. "Aurreko gobernuaren aldetik erantzunik ez zuten jaso, eta korapilo hori askatu gabe topatu dugu Gobernura iristean".

Egungo Udal Gobernuaren ustetan, "ordenantzaren aldaketa nahikoa sinplea da, eta teknikariek ere horrela adierazi digute". Gobernukideen esanetan, "ez du zentzurik herri osoko aparkamendu sistema aldatzeko edo etorkizuneko Zumaiak turismoari begira hartu beharreko bideorria diseinatzeko prozesuekin alderatzeak. Hala ere, Udal Gobernuaren prozedura izan da ordenantzaren zirriborroa oposizioari, tabernariei eta dendariei helaraztea, eta ekarpenak egiteko aukera ematea".

Ostalariekin izandako bilera "emankorra" izan zela adierazi dute Udal Gobernutik, eta 35 lagunetik gora elkartu zirela. "Datozen egunotan merkatariekin bilduko gara. Esan bezala, oposizioak ere ekarpenak prestatu eta aurkeztu ditzake. Ez dugu ulertzen EAJk ekarpenak egiteko epean horiek egin ordez gaia eztabaida publikora atera nahi izatea". Behin ekarpenak jasota, eta plenotik pasa ondoren, herritar guztiei helegiteak eta ekarpenak egiteko epea zabalduko litzaiekela ere azaldu dute. "ordenantza guztiekin egiten den moduan".

Gai honi heltzeko presarik ez duela ere azaldu dute igorritako erantzunean, "EAJri Batzordean esan genion moduan". "Behin behineko ordenantza plenora eramateak ez du gaia ixten, jendaurrean jarri eta herritarrei ekarpenak egiteko epea zabaltzea dakar. Aldaketak arazorik sortzen ez badu epeak ohikoak izango dira, baina ekarpenak jasotzean ikusten bada gaiak denbora gehiago behar duela, beharrezko denbora guztia emango zaio", gaineratu dute EAJren oharrari egindako erantzunean. 

Parte hartzea eta herri galdeketak arautzeko ordenantza bat egongo dela ere azaldu dute Udal Gobernutik. "Aurreko legealdi osoan ez zen martxan jarri, EAJk bere programan agindu zuen arren. Bitartean ostalariekin, dendariekin, auzoetako herritarrekin, oposizioarekin... behar den guztietan biltzen jarraituko dugu, elkar entzun eta beraien eskaerak kontutan hartzen".