Datozen hilabeteetarako bi ikastaro antolatu ditu Zumaiako Emakumeon* Etxeak

Baleike 2019ko urr. 8a, 16:33

Jabetze eskolaren baitan bi ikastaro jarri dituzte martxan: Autodefentsa feminista tailerra (euskaraz) eta Maitasun erromantikoaren eraispena (euskaraz eta gazteleraz).

Urritik abendura bitartean, Zumaiako Emakumeon* Etxeak bi ikastaro antolatu ditu. Biak doakoak dira, eta izen emateko epea urriaren 14an amaituko da.

Jabetze eskolaren baitan antolatutako ikastaroak dira biak. Horietako lehena autodefentsa feminista tailerra izango da. Ikastaro horrek hiru saio izango ditu (urriak 26, azaroak 30 eta abenduak 14) eta Torreberriko hirugarren solairuan eskainiko da 10:00etatik 14:00etara. Emagin erakundeak emango ditu saioak eta euskaraz izango dira.

Bigarren ikastaroa maitasun erromantikoaren ingurukoa izango da. Kasu horretan bost saio egongo dira (urriak 16, urriak 23, urriak 30, azaroak 6 eta azaroak 20) eta Hogarreko gela balioanitzan emango dira 18:30etik 20:30era. Loredi Salegik zuzenduko ditu saioak bi hizkuntzetan (euskaraz eta gazteleraz).

Ikastaroetan izen emateko bi bide daude: zumaiakoemakumeonetxea@gmail.com eta 943 86 50 25 (luzapena 404). Urriaren 14a izango da azken eguna.

Jabetze eskola

Zumaiako Emakumeon* Etxetik jabetza eskolaren definizioa eman dute: "Emakumeok* geure buruaren eta bizitzaren jabe izatea sustatzeko topagunea da. Bertan, ahalduntze prozesuak abiarazi edota indartzen dira: autoestimua landuz, gure gaitasunak ezagutuz, abilezia berriak eskuratuz, bizi ditugun injustizia egoerak identifikatuz eta jendartean dagokigun espazioa berreskuratuz. Ondorioz, gizarte bidezkoago, anitzago eta osoagoa lortzeko bidea da jabetze eskola".

Badira urte batzuk Zumaiako Udalaren Berdintasun Saila jabetze eskolak antolatzen hasi zela. Zumaiako Emakumeon* Etxea eraikitze prozesuan dagoenez,  hauxe adierazi dute: “Hemendik aurrera elkarlanean egingo da lan hori. Izan ere, ba al dago espazio egokiagorik emakumeon* jabetze prozesuak lantzeko, geure etxea baino?"