Aurtengo hondartza denboraldian iaz baino % 34 hondakin gutxiago jaso da

Baleike 2019ko urr. 5a, 10:00

Gipuzkoako Ingurumen diputadua den Jose Ignacio Asensioren arabera, "sentsibilizazio kanpainek eta herritarren konpromisoak egin dute posible hobekuntza hori".

2019ko urtarrilaren 1etik irailaren 15era bitartean 491.529 kilo hondakin bildu dira Gipuzkoako hondartzetan, aurreko urtean baino %29 gutxiago. Udako denboraldiari (ekainaren 1etik irailaren 15era) erreparatuz gero, berriz, murrizketa handiagoa izan da: 199.369 kilo hondakin jaso da, iaz baino %34 gutxiago.

Hondartza guztietan gutxitu da hondakinen sorrera, baina Mutriku, Deba eta Hondarribiko herriak nabarmentzen dira jaitsiera horretan. Asensioren hitzetan, "sentsibilizazio kanpainek eta herritarren konpromisoak egin dute posible hobekuntza hori". Hala ere, lanean jarraitzeko asmoa agertu du: "Lanean ari gara herritarrei kalitatezko eta bikaintasuneko zerbitzua eskaintzeko eta gure hondartzen kudeaketa jasangarria egiteko. Ezin dugu ahaztu gure itsasoetan hondakinen eta plastikoen arazoa Gipuzkoak aurre egin beharreko ingurumen arazorik larrienetako bat dela”.

Zumaian 24 erreskate

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko Departamentuak Gipuzkoako itsasertzeko bideometria sarea osatu du 5 instalazio berriekin. Sistemak erabiltzaileen dentsitatearen inguruko informazioa eskaintzen du eta hondartzetara egunero joaten direnen datua kalkulatzen du. Horri esker, Zarautz, Orio, Hondarribia, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutrikuko erabiltzaile kopurua zenbatu da. Horrela, Gipuzkoako hondartza guztietan 693.034 erabiltzaile egon dira 2019ko ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean.

Biometria sareak ere posible egin du korronte eta olatuen mapak sortu eta bainu-hartzaileentzat arrisku gehieneko bainu guneak zeintzuk diren zehaztea. Hori baliagarria izan da sorospen zerbitzuentzako. Udara honetan zehar 91 erreskate egon dira: 46 Zarautzen, 24 Zumaian, 12 Orion, 5 Deban eta 4 Getarian.