Kilometroak direla eta, Euskotrenek tren zerbitzua indartuko du igandean

Baleike 2019ko urr. 4a, 11:25

Zarauzko Salbatore Mitxelenak antolatu du 2019ko Kilometroak jaia, hori dela eta, Euskotrenek zerbitzua indartu egin du. Zarauzko Hitzak jarraipen berezia egingo du egun horretan.

Gipuzkoako Ikastolen festa Zarautzen ospatuko da igandean. Ohi bezala, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatu dute, eta, horren harira, Euskotrenek tren zerbitzua indartu egingo du.

Hala, bai Donostia-Bilbo noranzkoan, bai Bilbo-Donostia noranzkoan, trenak ordu laurdenero egongo dira. Geralekuetan, ordea, aldaketak izango dira. Zentzu horretan, Donostiatik datozen trenak San Pelaioko geltokian bakarrik geldituko dira, eta bueltan Donostiarantz joango dira. Bilbo aldetik datozen trenek, aldiz, herriguneko geltokian bakarrik egingo dute geldialdia, eta berriz Bilbo aldera aterako dira. Zumaiatik joaten diren herritarrek, beraz, Zarautz herriguneko geltokia erabili beharko dute. Ordutegi zehatza ikusteko hemen.

Lurraldebusi dagokienez, ohiko autobus zerbitzuak izango dira igandean. Hau da, ez dute linearik indartuko Gipuzkoako ikastolen festaren harira.

Aparkalekuak

Zarautzen hainbat aparkaleku gune egongo da erabilgarri igandean. Autobus berezientzat, esaterako, Asti futbol zelaioko aparkalekua aukeratu dute. Ibilgailu pribatuei dagokienez, Meaga nahiz Getariatik datozen autoak zuzenean Abendañoko aparkalekura bideratuko dira; eta Oriotik nahiz autobidetik iristen diren autoak, berriz, Eroskiko aparkalekura eta inguruko industrialdera. Aparkaleku horiek betetzen badira, Salberdingo aparkalekura bideratuko dituzte autoak. Azkenik, aparkaleku hori ere betez gero, Abendañon aparkatu beharko dute ibilgailuek. 

Oinez ibiltzeko arazoak dituztenentzat aparkalekua San Pelaion egongo da, ibilbidetik oso gertu. Zehazki esateko, Garden izenez ezagutzen den eremuan.

Gainera, DYAk lagundu egingo die beharra duten pertsonei Mollarriko gunera iristen, Kilometroen ibilbideko bigarren gunera, hain zuzen.

Herri barruko zirkulazioa

Kilometroek eragingo diote Zarauzko herri barruko zirkulazioari ere. Aldaketa nabarmenena, egun horretan 08:00etatik 20:00etara itxita egongo dela Nafarroa hiribidea (hau da, errepide nagusia) San Pelaioko biribilgunetik hasi eta parrokia pareraino. Zerbitzu publikoko ibilgailuek bakarrik izango dute. Lineako autobusen geltokiei dagokienez, horietako bakarra aldatuko dute: San Pelaion, biribilgunean dagoena. Erabiltzaileek autobide sarreratik gertuen dagoen biribilgunean hartu beharko dute autobusa, trenbidearen zubi azpian. 

Egunaren jarraipen berezia

Gipuzkoako ikastolen festaren jarraipen berezia egingo du igandean Zarauzko Hitzak, hala, bertaratu ezin dutenek aukera itzela izango dute atari horretan gertatzen den ikusteko.