Jon Kareaga: "Kontsumo iraunkorra bultzatzea ondo dago, baina arazoaren muinera iritsi behar dugu"

Baleike 2019ko urr. 3a, 09:46

Asteleheneko goizeko 09:00etatik Donostiako Zara arropa denda ezagunaren atarian dago Jon Kareaga, kartoizko hainbat kartel aldarrikatzailez inguratuta. I'm sitting for climate justice (klima justiziaren alde nago hemen) eta Fuck fast fashion (pikutara moda azkarra) bezalako mezuak ditu idatzirik kartoizko karteletan. Urola Kostako Hitzak egin dio elkarrizketa.

Kareagaren asmoa ostiralera arte bertan geratzea da. 21 urte besterik ez baditu ere, bere printzipioak irmo defendatzen ditu, eta garbi dauka planetaren suntsiketaren iturburua sistema kapitalista dela. Made in, Made for dokumentala kaleratu zuen udan; oihal industriari egindako kritika da ikus-entzunezkoa.

Zeren aurkakoa da zure protesta, zehazki?

Orokorrean, sistema kapitalista honen aurkakoa. Gaur egungo injustizia sozialak ikusita, guztien oinarria horixe da. Fast fashion moda ez da jasangarria, eta ikusi nuenean zer ezkutatzen zen marka hauen atzean amorru eta inpotentzia handia sentitu nituenez, hau egitea erabaki nuen.

Asiako hainbat herrialdetan izan zara eta ikusi duzu oihal industriak nola funtzionatzen duen.

Asiako hainbat herrialdetan izan naiz bai, tartean Bangladeshen, moda industriaren inguruko dokumental bat grabatzen. Oihal industriak pertsona horiengan duen eragina agertzen da dokumentalean, eta han hartutako irudiak ez ziren batere politak. Han sortu zen nire inpotentzia eta gauzak aldatzeko grina.

Zer ikusi zenuen han, bada?

Banekien langile asko ikusiko nituela oso egoera kaskarrean lanean, umeak ere ikusi nituen. Hori ez zen izan gehien harritu ninduena, ordea. Gehien harritu ninduena izan zen nire burua han ikustea. Mendebaldeko pertsona bat, 10.000 kilometro egin dituena hegazkinez inongo arazorik gabe pertsona horren aurrean egoteko, eta pertsona hori grabatzeko. Ohartu nintzen metro karratu batean zenbat injustizia sozial zegoen, eta horrek talka handia eragin zidan. Nik denetarik daukat, neurri batean, oso erraza da nire bizitza. Munduaren beste puntan zeuden pertsona horiek, berriz, biziraun baino ez dute egiten, guk erosten dugun horrekin.

Egoera paradoxiko samarrean topatu zenuen zure burua.

Bai, hori da. Kontraesan asko izan nituen eta oso gaizki sentitu nintzen. Ni grabatzen ari nintzela eszena bat imajinatu nuen: hirugarren pertsonan ikusten nuen pertsona bat langile hori grabatzen, eta egoera latza iruditu zitzaidan.

Hausnarketa horietatik erabaki zenuen zerbait egitea.

Bai, hori da. Hiru helburu nagusi ditut. Lehenik, kritika egin nahi diot egun gauzak produzitzeko dugun sistemari eta moda industriari. Bigarren helburua izango litzateke dirua lortzea Bangladeshera itzuli eta bertan tailer sozial bat eraikitzeko, eta hirugarrena, elkarrizketa bat grabatzea Inditexeko arduradunen batekin. Bidaia honetan kontaktuan egon naiz Primark, Inditex eta H&M bezalako enpresekin eta ez dut lortu harremanetan jartzerik haietako arduradunekin. Ez dute nahi nirekin hitz egin. Nik beraien aurrean eseri nahi dut eta azal diezadatela zein den hau guztia konpontzeko beraien asmoa.

Zein helbururekin elkarrizketatu nahi dituzu marka ezagunetako arduradunak?

Egoeraren alde bat ikusi dut dagoeneko, badakit zer eragin daukan egiten dutenak. Orain ikusi nahi dut hori konpontzeko beraien asmoa zein den, eta esaten dutena grabatua izan dadin nahi dut, dokumentalean jartzeko eta gaiaren beste ikuspuntu bat edukitzeko. Dokumentalean kritika egiten diot Fast Fashion-ari, hortaz, beste ikuspuntua nahi dut txertatu dokumentalean.

Fast fashion diozunean zertaz ari zara zehazki?

Produzitzeko modu bat da Fast Fashion-a. Masiboki produzitzen da eta kontsumo masibo batean oinarritzen da etekin ekonomikoak lortzeko. Ez da jasangarria inondik inora, horrek lortzen du pertsonok armairua bete-bete eginda edukitzea, eta kontsumo konpultsiboan oinarritzen den sistema bat da. Horrek inoiz ezingo du jasangarria izan ez ingurumenarekiko ezta gizartearekiko ere.

Irakurtzen jarraitzeko hemen.