Kike Amonarriz da Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria

Euskaltzaleen Topagunea 2019ko urr. 1a, 18:30

Azken bost urteotan kargua izan duen Elena Lakak eman zion lekukoa ostiral arratsaldean Andoainen egindako Batzar Nagusian. Euskaltzaleen mugimenduak salto kualitatiboa emateko garaia dela azpimarratu zuen Amonarrizek kargua hartzerakoan.

Euskaltzaleon Topaguneak pasa den ostiralean egin zuen ez-ohiko batzar nagusian aukeratu zen ahobatez Kike Amonarriz lehendakari. Hala,   2014tik Topaguneko lehendakari izan den Elena Lakak Tolosaldeko Galtzaundi elkarteko kideari eman zion lekukoa. Amonarrizek emandako konfidantza eskertu zien euskaltzaleen mugimenduko kideei, eta Topagunearen 22 urtetako historian izan diren lehendakarien ekarpena gogora ekarriz, kargua ilusioz eta erantzukizunez hartu duela azpimarratu zuen.

Kargu berria hartu bezain pronto, bost helburu nagusi zehaztu zituen:

  • Euskaltzaleen mugimendua salto kualitatibo berri bat emateko prestatzea, kide diren elkarteak indartu eta elkarte berrien sorrera bultzatuz. 
  • Euskara bizitza sozio-politikoaren erdigunera eramateko herri akordioak bultzatzea.
  • Euskaraldiaren hurrengo edizioetan euskararen normalizazioan eragiteko erronka eta aukera berriak lantzea
  • Euskararen erabilera bultzatzea, euskararen normalizaziorako giltzarri diren bi eremutan eraginez: lan munduan eta aisialdian.
  • Euskalgintza indartu eta adostasun sozio-politikoak bultzatzea, Kontseilutik.