Zumaiena ikastetxea gizarte eraldaketan erreferente

Baleike 2019ko ira. 30a, 10:13

Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak sustatu eta Unesco etxeak antolaturiko gizarte eraldaketa programaren barnean, EAEko hezkuntza munduko bederatzi erakunde ezberdin aukeratuak izan dira garatzen dituzten proiektu eraldatzaileengatik. Horien artean Zumaiena dago.

Eusko Jaurlaritzako Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta Unesco etxeak bideraturiko gizarte eraldaketaren hezkuntzaren inguruko programa baten bitartez, Zumaiena ikastetxea erreferente modura aukeratua izan da aurrera eramaten duen proiektu integral eta integratzaileagatik. "Pasa den ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ezberdin asko ikuskatu edo auditatu zituzten eta ikastetxeko proiektuak baloratu ondoren EAEko 9 erakunde aukeratu zituzten erreferente bezala azaltzeko. Horien artean gurea", kontatu du Isaak Aranberrik, Zumaienako zuzendariak. 

Gipuzkoan guztira lau izan dira aukeratuak: Eskoriatzako Mondragon Unibertsitateko Magisteritza fakultatea, Aieteko Eskura zentroa, Hernaniko Lanbide Heziketako eskola, eta Zumaiena ikastetxea. "0-18 urte bitarteko hezkuntza eskaintza dugun ikastetxea izanik, guretzat oso garrantzitsua izan da errekonozimendu hau. Ikasle eta familientzako sortzen dugun lotura, urte askotakoa izanik, proiektu integratzaile bezala baloratuak izatea ikaragarria izan da guretzat", jarraitu du Aranberrik.

Formakuntza Genevan

Gauzak horrela, aukeratutako bederatzi erakundeetako ordezkariek formakuntza berezi bat jasotzeko aukera izan dute Genevan pasa den astean. Nazio Batuen Erakundean (NBE) egoteaz gain, Giza Eskubideen inguruko kontseiluan, eta Hezkuntza Eskubideen eta Bakea eta Giza Eskubideen Hezkuntzaren inguruko formakuntza jasotzeko aukera izan dute, entitate ezberdinekin esperientziak partekatuz. "Ikaragarria izan da formakuntza. NBEko funtzionamendua ikusteaz gain, bertako langileen formakuntza izan dugu. Hezkuntza programa ezberdinen berri izan dugu eta profesional ezberdinekin kontaktuak bideratu ditugu. Genevan jasotako guztia gure proiektua aberasteko izango da,, eta aukera polita da nazioarte mailako esperientzia ezberdinak Zumaienan barneratzeko. Zumaia bezalako herri txiki bateko ikastetxe txiki bat izanik gurea, oso garrantzitsua izan da aukeratuak izatea", azaldu du Aranberrik.

Amaitzeko, eta kuriositate moduan, Genevan izan ziren euskal ordezkariek NBEko eraikuntzako ekitaldi areto nagusian euskal dantzak egiteko aukera izan zuten. "Gure kultura erakusteko moduan izan ginen, aretoa hutsik zegoen momentu batean sartu eta eszenatokian gure dantzak egitera animatu gintuen Unescoko arduradunak. Argiak jarri zizkiguten eta 7 jauziakfandangoa...egin genituen. NBEn 194 herrialdek dute ordezkaritza, baina esan dezakegu Euskal Herriak ordezkaritza propioa izan zuela pasa den astean eta 195 herrialde izan zirela ordezkatuak", gaineratu du Zumaienako zuzendariak.