EUSKAL KOSTA KROSA

Joseba Diaz Lopez eta Egipto Flamarique garaile III. Euskal Kosta Krosean

Gizonezkoetan 24 urteko azkoitiarra izan da bizkorrena gaur arratsaldean Getarian jokatu den maratoi erdian. Emakumezkoetan, zarauztarrak helmugaratu dira bigarren eta hirugarren postuetan. 

Bero egin du, eta horri aldapak gehitu behar. Horixe izan dute zailena gaur arratsaldean Getarian III. Euskal Kosta Krosa maratoi erdia egin duten 281 korrikalariek. 17:00etan puntuan atera dira herriko frontoitik, eta Zumaiara joan dira kostako N-634 errepideari jarraituz. Toki beretik itzuli dira Getariara, eta Zarautzera jarraitu dute. Han buelta hartu, eta Getarian portutik sartu eta Kale Nagusian gora egin dituzte azken metroak, ia udaletxe parean amaitzeko. Gizonezkoetan Joseba Diaz Lopez azkoitiarra nagusitu da 1:10:57 denborarekin, eta emakumezkoetan, berriz, Egipto Flamarique tafallarra, 01:30:08 denborarekin.

Getariatik Zarautzera pasa direnean, gizonezkoetan jada Diaz azkoitiarra zihoan aurrena gizonezkoetan. Emakumezkoetan, berriz, Elisabete Garate zarauztarra pasa da bizkorren, baina gertutik jarraitzen zion Flamariquek, eta azkenean horrek lortu du garaipena. Garatek 1:30:27 denbora egin du helmugan. Hirugarren emakumea beste zarauztar bat izan da: Nerea Mujika (1:31:10).

Gizonezkoetan bigarren eta hirugarren izan dira Angel Martinez errioxarra (1:12:18) eta Xabat Manzisidor azpeitiarra (1:14:12).

Protagonisten sentsazioak

Bai Diazek, bai Flamariquek, aitortu dute lasterketa gogorra egin zaiela, baina pozik agertu dira lortutako emaitzarekin. Elisabete Garatek ere probaren gogortasuna azpimarratu du, aurreko bi urteetan ere hartu baitzuen parte. Hiruretan zailena hau izan dela esan du.

Diaz mendi lasterketetan ibili izan da gehienbat, baina errepidean hastea erabaki du orain gutxi, eta aurrenekoz hartu du parte Euskal Kosta Krosean. “Menditik gatoz, baina sufritu dugu majo. Aldapek min eman digute”, esan du.

Parte gogorrena amaierakoa izan dela azaldu du. “Nahikoa azkar hasi gara, eta azken kilometroa izan da gogorrena, hainbeste ibili ondoren, hankek larri amaitu baitute”. Pozik da, hala ere. Proba honetatik zerbait nabarmentzekotan, Diazek “tokia, parajea” azpimarratu du, “oso-oso ederra” delako. “Oso lasterketa polita da”.

Flamariqueri “nahikoa gogorra” iruditu zaio lasterketa, “oso gorabeheratsua” zelako. Hala ere, ondo sentitu dela esan du: “Denboraldi hasieran gaude eta ez nekien zer moduz aurkituko nintzen, baina gustura sentitu naiz”.

Aurreneko aldiz hartu du parte, eta asko gustatu zaio ibilbidea, paisaiarengatik. “Iruditzen zitzaidan polita izan behar zuela kostaldean zelako, eta nire aurreikuspenak bete ditu, oso polita izan da”. Bitxikeriarik ere gertatu zaio, hankak busti baitizkio olaturen batek.

Antolatzaileek nahi zuten lasterketa herrikoia izatea, eta etxekoak nahiz Urola Kosta bailarakoak fin ibili dira. Esaterako, gizonezkoetan laugarrena ere eskualdekoa izan da, Guillermo Vahl zarauztarra (1:15:58), eta aurreneko getariarra ere ez da urruti ibili, hamaseigarren helmugaratu baita Iosu Iribar Getaitriko kidea. 1:19:14 denbora egin du hark.

Aurreneko oriotarra Aitor Rubio izan da, zortzigarren postuarekin, 1:17:30 denbora eginda. Aiarren artean, Hodei Alkorta nagusi, 47. postuan, 1:24:31 denborarekin. Zumaiarretan, berriz, Joxe Aizpurua izan da bizkorrena (1:25:03).

Hori gizonezkoei dagokienez. Emakumezkoetan, esan bezala aurreneko hiru emakumeetan bi zarauztarrak izan dira. Horiez gain, Vannesa Pedrero izan da aurreneko zumaiarra, eta baita beteranoetan garaile ere, 1:38:41 denborarekin. Aurreneko getariarra, berriz, Saioa Martinez de Lahidalga (1:40:58).

Itsasoa eta arrantza presente

Getariarrek beren sustraiak harro erakutsi dizkiete korrikalariei. Dortsala hartzean jaso duten poltsan, arrain kontserbak nagusi, eta poltsa bera ere, arrantza sarez egindakoa. Helmugan, ohiko plastikoaren ordez, boia txikiak eta sarea izan dituzte zain irabazleek. Eta iluntzean korrikalari nahiz boluntarioei eskaini dieten parrilladan ere, arraina nagusi: hegaluze pintxoak banatu dituzte, izan ere. 800 pintxo guztira, pertsonako bina. Lau eta erdietarako piztu dituzte parrillak, zazpiak aldera dena prest izateko.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Apnea eta Onintza Lete Arrieta

 

Argazki guztiak ikusteko, egin klik hemen

Sailkapenak ikusteko, egin klik hemen