Jende asko elkartu da Artadin Samiel egunaz gozatzeko

Baleike 2019ko ira. 29a, 14:43

Eguerdi partean festan murgildu dira zumaiarrak eta bisitariak. Haurrentzat puzgarriak, eta helduentzat jan-edana, trikitilariak eta Andoni Egaña eta Amets Arzallusen bertso emanaldia izan dira. Egun osoko egitaraua dute prest gaurko.

Giro polita dago gaur Artadi aldean. Samiel eguna dute, eta auzoko egun handiari laguntzeko zeru urdina eta eguzkia izateaz gain, igandea egokitu da. Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariek txantxetan aipatu dutenez, ez da hainbeste jenderik izaten egun hori astelehen buruzurian tokatzen denean.

Txikienentzat puzgarriak jarri dituzte elizaren aldamen batean, eta elizaren parez pare, oholtza. Trikitilariak aritu dira aurrena, eta izan da dantzara atera den bikoterik, gehienak adineko emakumez osatuak. Ondoren etorri dira bertsolariak. Jendeak gogoz entzun ditu. Hori bai, itzaletan babestuta, oholtzaren bi aldeetara.

Jan-edanik ere ez da falta izan. Euro eta erdian edalontzia eskuratu, eta nahi adina txakolin dastatzeko aukera egon da. Artadiko auzo elkartekoen arabera, 12 etxetako txakolina ekarri dute, eta jateko, berriz, haragi egosi, txorixo egosi eta patata tortilla pintxoak (bokata txikiak, hobe esanda) banatu dituzte, horiek ere euro eta erdian.

Egunotan auzo elkarteko kide guztiak ari dira txandaka lanean, 40 guztira, erretiratuak alde batera utzita. Elkarteko sukaldean ere jo eta fuego ari ziren, eta han behintzat bazen erretiraturik ere lanean, parrillaren arduraduna adinekoa baitzen.

Egun osorako egitaraua dute prest zumaiarrek, honakoa:

Gaur, Samiel eguna


11:00. Meza.
12:00. Puzgarriak.
12:00. Afizionatuen lehen mailako pilota partida:
Exposito – A. Elizegi
Murua – Iruzustabarrena
13:00. Txakolin dastaketa.
Bertsolariak: Amets Arzallus eta Andoni Egaña
Trikitilariak: Ion Ostolaza eta Rakel Pujana (azken unean, beste batek ordezkatu du hori)
16:30. Arno zezenak eta pottokak.
17:30. Bertsolarien bigarren saioa Amets Arzallus eta Andoni Egaña.
Puzgarriak.
18:00. Artadiko Trikitilari Gazteen XXI. Txapelketa:

  • Eneko Urkola eta Aiora Roteta
  • Janire Segurola eta Elaia Diaz
  • Araitz Etxaniz eta Enaitz Alberdi
  • Eider Garro eta Araitz Elizalde

Autobus zerbitzua


Azken urteetan egin den moduan, aurten ere, autobus zerbitzua jarriko du martxan Zumaiako Udalak. Hala, bai larunbatean, bai igandean, orduerdiroko maiztasunarekin, autobusa irtengo da Patxita Etxezarretako autobus geltokitik. Igandeko ordutegia ondorengoa da: 10:00etatik 14:30etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Larunbat arratsaldean Euskal Krosa jokatuko da, hori dela eta, Estazioko biribilgunetik Artadiko bidegurutzera arte txandakako trafikoa egongo da, eta 16.15-18:30 bitartean atzerapen batzuk izan ditzake autobus zerbitzuak, 5-10 minutukoak gehienez.