Arroako bidegorriaren aldeko martxa egingo dute urriaren 19an

Urola Kostako Hitza 2019ko ira. 28a, 10:00

Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeko kideek uste dute "aurrerapausoak" eman direla bidegorriaren auzian, baina presioa egiteko beharra ikusten dute. Hori dela eta, bi irteera izango dituen martxa antolatu dute urriaren 19rako. Irteera bat Zumaiako Beheko plazatik egingo da, eta bestea, Zestoako plazatik.

Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeak martxa aldarrikatzailea egingo du urriaren 19an,  bidegorriaren lanak martxan jar ditzaten aldarrikatzeko. Martxaren inguruko informazio zehatzagoa aurrerago jakinaraziko duten arren, egitasmoaren eta beren asmoen berri eman dute. Aurreratu dutenez, bi zutabe irtengo dira egun horretan. Zumaiako Beheko Plazatik aterako da zutabe bat, eta Zestoako plazatik bestea. Arroako autopistako biribilgunean elkartuko dira jendez osatutako bi zutabeak bertan ekitaldia egiteko. Arroa Behean bukatuko dute martxa  hamaiketakoarekin eta musikaz girotuta. 

Zestoako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak joan zen otsailean jakinarazi zuten Iraeta eta Narrondo lotuko dituen bidegorri zatia egingo dutela, eta beraz, Urola Bide Berdea osatuko dutela. Haien arabera, aurten hasiko dira Iraetako tunela konpontzen. Hori dela eta, Arroako Bidegorriaren Aldeko Taldeko kideek uste dute “aurrerapausoak” eman direla, eta, horrenbestez, Narrondo eta Arroa lotuko dituen bidegorri zatia “epe motzean” egiteko moruan egongo direla. Dena den, presioa egiteko beharra ikusten dute: “Bidegorriko lanak egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiko 2020ko aurrekontuetan bidegorria egiteko diru partida sartu beharko lukete, eta esperientziak esaten digunez esatetik egitera tarte handia dagoela… Aurrekontuak udazkeneko hilabete hauetan zehazten direnez, gure asmoa da urriaren 19ko martxarekin hemen gaudela erakustea, eta herritarrok bidegorriaren beharra dakagula aldarrikatzea”. 

Egitasmoaren data gerturatzen denean jakinaraziko dituzte martxaren gaineko xehetasun guztiak.