Zabalik dago Fernando Mardonesen 'Formak' erakusketa

Baleike 2019ko ira. 27a, 10:01

Oxforden jarri duen erakusketa lau serietan antolatu du, eta guztira, 46 koadro ipini ditu.

Atzo arratsaldean zabaldu zituen ateak Fernando Mardones irakasle eta artista bilbotarraren 'Formak' erakusketak. Mardonesek kontatu duenez, inoiz ez du erakusketa modu berean jartzen. "Espazioaren arabera antolatzen ditut nire lanak, beraz, ez dut patroia inoiz errepikatzen. Ondorioz, erakusketa guztiak ezberdinak dira, nahiz eta koadroak berdinak izan".

Oxfordeko gelako ezaugarrietara egokituz, lau serietan antolatu du erakusketa, eta guztira, 46 koadro jarri ditu. "Berez, gehiago ekarri nituen, baina ipini ditudanak nahikoak direla uste dut".

Erakusketa urriaren 13ra arte egongo da ikusgai Oxford aretoan ordutegi honetan: egunero, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:30etik 14:00etara.